Asuncion klinikako erabiltzaileen %97 zentrora itzuliko litzateke

Ataria 2019ko uzt. 3a, 17:59

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak erabiltzeen artean urtero egiten duen inkestaren berri eman du ospitaleak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak, urtero, inkesta bat egiten du ospitaleetako erabiltzaileen artean, eta Asuncion klinikak emaitzen berri eman du. Inkesta horren arabera, Asuncioneko erabiltzaileen %97 zentrora itzuliko litzateke aukeratu ahal izango balu. Era berean, erabiltzaileen %92k zentroaren balorazio orokor «bikaina» egin du. «Inkesta horren arabera, halaber, erabiltzaileen %95ak sendagileen eta erizaintzako langileen gaitasunen bikaintasuna azpimarratu du», esan du klinikak.

Ez dira horiek emandako datu bakarrak. Zentroak 2018ko Jarduera Memoria ere aurkeztu du eta esan du iaz 307.925 jarduera egin zirela bertan eta zentro periferikoetan, hau da, Tolosako Belateko, Andoaingo eta Ordiziako osasun zentroetan. Iazko datuei erreparatuta, pazienteen bataz besteko egonaldia 6 egunekoa izan zen. Kontsulta gehien traumatologian, oftalmologian eta errehabilitazioan izan zituzten.

Langileei dagokienez, 2018an 308 pertsona izan zituen Asuncionek nominan; «haietatik 232 emakumezkoak eta 76 gizonezkoak, maila operatiboan langileen %78 emakumea izan zelarik». «2018ko datuek, halaber, aditzera ematen dute Asuncion klinika bere arlo guztietan oso enpresa feminizatua dela; emakumeak dira zuzendaritza batzordearen %38, erdi mailako arduradunen %50, medikuen %70 eta ordezkari sindikalen %76», gaineratu du. Pasa den urtean 23.517.679,62 euroko diru sarrerak izan zituen klinikak eta 23.487.457,79 euroko gastuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!