Maria Felisa Okomok Euskadiko errekorra jarri du

Tolosaldeko Ataria 2019ko uzt. 2a, 20:00

Tolosa CF Atletismoko gazteak eta beteranoak, guztira bederatzi, Espainiako txapelketa eta topaketetan egon dira asteburuan, emaitza aipagarriak lortu dituzte.

Pasa den asteburuan, Madrilen, 18 urtez azpiko nazioarteko topaketak jokatu ziren, Espainia eta Portugalen artean. Maria Felisa Okomo eta Joseba Larrauri bertan izan ziren Espainiako selekzioarekin. Okomok Euskadiko 18 urtez azpiko marka lortu zuen, pisu jaurtiketan 15.03ko marka jarrita. Joseba Larrauri ere fin ibili zen 100 metrotan 11,13ko markarekin. 1,3ko haizearekin. Bere marka pertsonaletik 3 ehunenekora geratu zen. 4X100 metrotan ere parte hartu zuen Larraurik, portugaldarrei erraz irabaziz.

23 urtez azpikoen Espainiako Txapelketa

Tarragonan jokatu zen asteburuan. Tolosa CF Atletismo taldeko lau kide izan ziren bertan, lehian. Taldetik adierazi dutenez, "ez zuten zorte handiegirik izan eta emaitzak ez ziren esperotakoak izan".

  • Julen Martinek 110 hesietan parte hartu zuen. Haizearen aurka korri egin behar zuen eta horrek eragina izan zuen. 16,05 izan zen finalerdietako bere denbora.
  • Eunate Martinez De Rituertok gerturatze lasterketan arazoak izan zituen altuera jauzian. Bere marka 1.55ekoa izan zen.
  • Paula De Juanek 400 hesietan parte hartu zuen. Finalerdietan erritmo arazo txiki batzuk izan zituen baina hala eta guztiz ere finalerako sailkapena lortu zuen, bosgarren denbora onenarekin. Finalean ez zuen parte hartu, ordea. Beroketak egiten ari zela ezker koadrizepsean arazoak sentitu zituen eta haustura baten arriskuaren aurrean, ez lehiatzea erabaki zuen.
  • Maddi Perurenak 400 hesietan lehiatu zuen bi urte eta gero. 1.08ko marka txukuna lortu zuen. Finalean aldiz, berotzen ari zela, ezker koadrizepsean molestia bat nabaritu zuen eta badaezpada finala ez korritzea erabaki zuen haustura arriskua ekiditeko. Zorte txarra atleta ordiziarrarentzat.

Atleta hauen hurrengo lehia Tolosan izango da asteburuan. Ondoren, hurrengoan, Euskadiko absolutu mailako txapelketa jokatuko dute.

Dominak master mailako Espainiakoan

Pasa den ostiraletik igandera, Valentziako Sagunto hirian, Espainiako master mailako atletismo txapelketa jokatu zen. Tolosa CF Atletismo taldeko hiru kide izan ziren bertan, bi domina lortuz.

  • Jose Luis Gonzalez 'Txilis'-ek brontzea lortu zuen xabalina jaurtiketan, M-70 mailan, 30 metroko jaurtiketarekin. Diskoan ere saiatu zen baina laugarren geratu zen, 30 metrorekin.
  • Juan Carlos Etxebeste 'Moxo'-k 100, 200 eta 400 metrotako lasterketetan parte hartu zuen. M-60 mailan, eta hiru probetan, azken urteetako markak hobetzea lortu zuen, 13,80; 28,40 eta 1,04ko denborekin. 100 metrotan brontzea lortu zuen.
  • Sergio Romanek 5.000 metroak egin zituen, 15.34ko markarekin bosgarren geratu zen.

Tolosa CF Atletismo taldetik hiru atletak zoriondu dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!