Lehen postutik gertu aritu dira Tolosaldeakoak

Imanol Garcia Landa 2019ko uztailaren 1a

Argazkia: LUIS AZPEITIA

Baionan jokatu da ETE ligako laugarren estropada eta gertuago izan dute Tolosaldea trainerukoek bandera. Hirugarren postua lortu dute, Hibaika eta Zumaiaren atzetik, aurreko asteko laugarren postua hobetuz.

Zapore gaziarekin geratu dira Tolosaldeako arraunlariak, bandera lortzeko aukera ikusi baitute. «Estropada gure gustukoa zen, itsasadarrean, erlojuaren aurka. Joateko luzean ondo joan ginen, eta gero itzuleran hasi ginen pixka bat arraunketa mozten, behar bezala ez bukatzen, eta hor joan zitzaizkigun segundoak», esan du Itsaso Aizpurua arraunlari zizurkildarrak.

Lehen lau postuei begiratuta, Hibaikak 11.05 egin zuen, Zumaiak 11.07, Tolosaldeak 11.09 eta Kaikuk 11.10. Hauetan azkarrena Tolosaldea izan zen lehen luzean. «Esaten ziguten lehenengo gindoazela, eta azken bi minutuetan ez genuen arrauna gustura egin, eta hor joan ziren segundoak. Hartzen diren bezala, joan egiten dira», azaldu du Aizpuruak.

Ligaren sailkapenari begira, hirugarren jarraitzen du Tolosaldeak, 34 punturekin. Hibaika, lau estropadak irabazita, lehenengo doa 44 punturekin, eta Zumaiak bigarren postuari heltzen dio, 39 punturekin. Kaiku 32 punturekin laugarrena da, eta bosgarren postuan Deustu dago, 31 punturekin. «Aurrera begira ikusten dugu hobetzeko aukera dugula, eta ea hori erakusten dugun», esan du Aizpuruak. Datorren asteburuan atsedenaldia izango dute, eta uztailaren 14an Portugaleten izango da ligako bosgarren estropada.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!