Beti zientziaren ikuspuntu desberdina eta gertukoa eman nahi izan dizuet, baina, zientziarentzat beharrezkoak diren zehaztasunak galdu gabe.
Zientziaren dibulgazioa dibertigarria da hainbat kasutan. Burura etortzen zaizkit, adibidez, gai eskatologikoak izan dituzten ekarpenak Kaka gehiago egin behar genuke, Tronuko gogoetak edo Itsasoko bainuak eta pixalarria. Tandem arriskutsua. Gai berezi horiek landuz, itsasoko uraren konposaketa kimikoa, mikroorganismoen hedapena edota geure gorputzaren metabolismoa hizpide izan nituen, baina, nekez edo, nekezago behintzat irakurriko zuen inork horietako edozein artikulu izenburuak azken horiek balira, benetan jarritakoen ordez.
Astekariko irakurle zaretenen iritziak jasotzea ez da erraza. Noizean behin iruzkinen bat jasotzen dut webgunean edo norbaitek gairen bat proposatu edo galderaren bat egiten dit, baina, irakurleen iritzia gutxitan jasotzen dut. Horretarako dago webgunean iruzkinak egiteko aukera, eta baita niri mezuak helarazteko aukera. Eskertzekoa da, egia esan. Galderak egitera eta gaiak proposatzera animatzen zaituztet datorren ikasturterako. Bidali zuen galderak eta haiek erantzuten saiatuko naiz. Idatzi zuen kexak eta erantzungo dizuet. Proposatu gaiak eta artikulu modura landuko ditut.
Bitarte horretan, aurreko irailetik hona hizpide izan ditudan gaiak eta beste batzuk etorriko dira Zientziaren Talaiara. Hausnarketa egiten hasita, ikusi dut gai ohikoena elikadura izan dela kafea, haragia edo arrautzak direla eta, hain zuzen ere, gai horiek aukera ematen dute kimikaz hitz egiteko eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun elementuak aitzakia modura hartuta. Musikaz ere aritu naiz eta musikak ere zientzia baduela erakutsi nahi izan nizuen. Gai xelebreak ere iritsi dira Talaiara eta, gainera, zabaltze handiena izan duten artikuluak direla esango nuke.
Kakari buruz martxoan idatzitako artikuluak saltsa pixka bat ekarri zuen eta, horri esker, metabolismoari buruzko ideia batzuk azaltzeko aukera izan nuen. Bide batez, jakin ezazue nire gaietariko askok EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren Zientzia Kaiera blogean jarraipena dutela eta bertan dagoela informazio zehatzago eta sakonagoa; izan ere, sarri askotan zaila da zientzia-gai sakon bati heltzea orrialde batek eskaintzen duen lekuan. Alabaina, nire bigarren etxea den Zientzia Kaieran sakontasun handiagoko artikuluak aurkituko dituzue, baina, bertakoek patxada gehiago eskatzen dute.
Ekaineko Konposta gaitezen! artikuluak ere bazuen mamia eta zeresana, beraz, oraintxe hau irakurtzen ari bazara, idatzi iruzkin bat testu horri edo beste edozeini. Zientziaren Talaiak guztiona izan behar du eta askoz ere aberasgarriagoa izango da zuen kezkak eta galderak erantzuteko atala bihurtzen badugu. Horrexegatik udako etxerako lan hori jarriko dizuet: pentsa dezala zuetako bakoitzak kezkatzen dion gai bat edo egin nahiko lukeen galdera bat. Abuztuaren amaierarako zientziarentalaia@gmail.com-era bidaltzen dutenentzat, bost puxtarri. Bien bitartean, Talaiak jarraituko du beste hamaika kontu ekartzen eta zientziaren aurpegi aspergarria garbitzen. Gozatu uda eta irailean ikusiko dugu elkar.