Espainiako Atletismo Txapelketan, 18 urtez azpikoen mailan, eskualdeko atletek ondorengo emaitzak lortu zituzten:
- Maria Felisa Okomo, pisu jaurtiketan, Espainiako txapeldunorde geratu zen, 14,68 metroko jaurtiketarekin. Euskadiko errekorretik 4 zentimetrora geratu zen. Disko jaurtiketan ere parte hartu zuen Okomok, baina 35 metroko markak ez zion hobekuntza fasera pasatzen utzi.
- Joseba Larrauri irurarrak 200 metrotan brontzezko domina lortu zuen, bere marka 40 ehunenekotan hobetuz. 21,86ko marka hori Gipuzkoako 18 urtez azpikoen errekorra da.
- Nora Ituarte 100 metrotan aritu zen lehian. 12,53ko denbora egin zuen, bere markatik oso gertu eta finalerdietara pasa zen. 4X100 erreleboetan Nora ASS taldearekin aritu zen, seigarren geratuz.
- Mikel Ezkerrok 110 hesietan 14,82ko denbora egin zuen, bere marka 40 ehunenekotan hobetuz eta finalerdietara iritsiz.
- Mikel Irastortza ere 110 hesietan lehiatu zen, ezustekoa emanaz gainera. Txapelketara zuzenean sailkatu beharrean bigarren aukera bati esker iritsi zen. Asteburuan, ordea, bere marka 37 ehunenekotan hobetu zuen, 15,13an utziz, eta finalerdietara sailkatu zen.
- Markel Acosta izan zen Tolosa Atletismo Taldeko hirugarren kidea 110 hesietan. Hesi batzuk jo eta gero kanporaketa ez zuen gainditzerik izan.
- Ander Martinez De Rituertok pertika-jauzian debuta egin zuen Espainiako txapelketa batean. 3,86 metroko langa gainditzea lortu zuen; 4.06koa gertu izan zuen.
Tolosa Atletismotik atleta guztiak zoriondu dituzte, emaitza ederrak eta talde giro bikaina izan dutelako txapelketan. Oraindik denboraldia luzea dela ere gogoratu nahi izan dute.
TOPAKETARAKO HAUTATUAK
Castellon lortutako emaitzei esker, Maria Felisa Okomo eta Joseba Larrauri Espainia eta Portugalen arteko Topaketarako hautatuak izan dira. Larunbatean Moratalaz-en izango dira, beraz, nazioarteko topaketa horretan lehiatzeko Espainiako selekzioarekin. Okomok pisua jaurtiko du eta Larraurik 4X100 erreleboetan aterako da.