Bizikidetzaren indusketak

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko eka. 28a, 11:59

Urtero, uztaileko lehen hamabostaldian, indusketak egiten dituzte Aiztondo bailaran, Saseta defentsa sisteman. Urtez urte bilakaera izan dute indusketek, eta herriz aldatuz joaten dira; iaz, esaterako, Larraulen egin zituzten indusketa lanak.

Aurten, Zizurkil, Asteasu eta Adunako udalen babesa jaso dute Aranzadi elkarteak zuzentzen dituen indusketek, eta baita foru aldundiarena ere. Adunako Mareamendi inguruan eta Zizurkil Goian, Zarate inguruan egingo dituzte aurten indusketak. Asteasuko Pello Errota eskola, berriz, ostatu bihurtuko dute.

Proiektuko kideak dira Manex Arrastoa eta Joanes Karrera zizurkildarrak. Eguneroko ekintzak koordinatzea izango da Arrastoaren lana. Aurten, hamalau boluntario ariko dira lanean, eta, horiez gain, ondoan izango dute Julian Blanco arkeologoa ere. “Hamalau lagunekin lan asko egin daiteke bi astean”, azpimarratu du Karrerak. Aurretik boluntario aritu izan da Karrera, eta gidari lanak egingo ditu oraingoan. Horrez gain, Arrastoari eta Blancori euren lanak aurrera eramaten ere lagunduko die Karrerak. Hitzaldi bat ere eskainiko du, gainera.

Urtero, hainbat taldetan banatzen dituzte boluntarioak: “07:30ean jaiki beharko du talde batek, beste taldeari 08:00etarako gosaria prestatzeko. Ondoren, 09:00etan hasten gara lanean, dagokigun eremuan, eta bertan bazkaltzen dugu”. Gauean, beste talde baten esku egoten da afaria prestatzea eta ondoren garbitzea. “Azken finean, elkarlanean aritzea da helburua; goizean lan egingo dute batzuek, eta gauean beste batzuek. Elkarlanean eta bizikidetzan oinarritutako esperientzia bat da”, kontatu du Arrastoak. “Giro polita sortzen da, eta lagun onak bihurtzen dira azkenerako”, argitu du Karrerak.

“Lantzen duten gaia kontuan hartuta, Historia edo Arkeologia ikasketak egin dituztenak animatzen dira normalean”, azaldu du Arrastoak. Kataluniatik, Madrildik eta Andaluziatik ere [Espainia] etorri izan da jendea azken urteotan. Espainian hainbat tokitan horrelako lanak egitea “oso zaila” dela gaineratu du Arrastoak. “Baina, era berean, interesgarria da ingurukoak ere gerturatzea, hemengo historia lantzeko; guretzat bereziki garrantzitsua da bertako jendea animatzea”.

Saseta defentsa sistemako indusketen koordinatzailearen hitzetan, landuko den horrek bihurtzen du berezi proiektu bat. “Eta 1936ko lehenengo hilabeteetako gatazka baten erakusle argiak dira hemen ditugun lubakiak. Horren kontakizuna lantzen dugu, testuinguruan jartzeko”. Inguruko jendea aritzen da koordinazio lanetan. “Beraz, horrek ere ematen dio balioa kanpotik etortzen denari. Eta, noski, bizikidetzak berak ere polit bihurtzen du proiektua”.

Karrerak zehaztu duenez, Aiztondo bailaran aurkitu dituzte frankismo garaiko lehen erresistentzia guneak. “Boluntarioek osatu zuten lehenengo gerra frontea, eta haiek egin zieten aurre erreketeei. Horrelakoak lantzeak izaera berezia ematen dio tokiari”. Karreraren ustez, “harro” egoteko modukoa da lanketa hori. “Oso berezia eta garrantzitsua da”.

Izena ematen duten boluntarioei aldez aurretik ematen dizkiete azalpenak: “Hauek herri txikiak direla azaltzen diegu lehenengo. Egunerokorako beharko dituzten gauzen zerrenda egiten diegu. Madrildik iristen denak aldez aurretik jakiten du, adibidez, memoria historikoa landuko duela, eta 36ko gerrako lubaki batzuetan ariko dela”, argitu du Arrastoak. Gehienak, normalean, “oso gustura” gelditzen dira bizi izandakoarekin. “Eta badira berriz etortzen direnak ere”.

Herri bakoitzean, hitzaldia

Lehen egunean, datorren astelehenean, Karlos Almortza historialariaren hitzaldia entzungo dute boluntarioek testuingurua ulertzeko, 19:30ean, Asteasun. Hitzaldi bat eskainiko dute herri bakoitzean, eta irekiak izango dira guztiak; edonor joan daiteke. Uztailaren 5ean, Ione Luloagak egingo du hitzaldia, Zizurkilen, eta Alegiako memoria historikoaren liburua aurkeztuko du. Karrerak emango du hirugarren eta azken hitzaldia, indusketen bigarren astean, Adunan. Memoria historikoa lantzen ari da master amaierako lanean, eta Saseta defentsa sistema hartu du oinarri.

Horrez gain, hainbat elkartetan afariak egingo dituzte, herritarrekin eurekin harremana izateko. Irteeretako batean, berriz, Tolosako Urkizu auzora joango dira indusketak egitera, litekeena baita han gorpu batzuk lurperatuta egotea. Arrastoak azpimarratu du udalek interes berezia daukatela memoria historikoa berreskuratzeko lanean. “Eta arkeologiaren alorrean praktikak egiteko aukera ona da boluntarioentzat. “Bailarako ahalik eta jakintzarik gehiena pilatzea” da erronka.

Bien hitzetan, “bete-beteak” izaten dira hamabost egunak, eta “pertsona gisa hazten” laguntzen dute: “Guztiz inplikatuta etortzen dira denak, oso esperientzia aberasgarria izango dela sinistuta”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!