«Gazia» izan da Tolosaldea traineruak ETE ligako hirugarren estropadan lortutakoa. Laugarren amaitu dute TAKeko arraunlariek 27. Donibane Ziburuko estropadan, eta sailkapen orokorrean hirugarren jarraitzen dute. Malen Oiartzabal arraunlari tolosarrak azaldu duenez, «ez gara sentsazio goxoarekin geratu. Ostiraleko entrenamendua oso ona atera zitzaigun, ontzia oso aske zihoan, eta proba egunean errepikatzeko gogoz gindoazen, gure buruarekin konfiantza hartu eta pausotxo bat ematera». Irteeran epailearekin «tira-bira» bat izan zutela gaineratu du, eta ez zirela «oso prest» atera. «Irteera oso garrantzitsua da, ahal dela aurretik jartzeko. Ez gara atera gure maila emanez, eta hor eskemak apurtu zaizkigu, eta gero ez dugu lortu estropadari nahi genuen buelta ematea».
Hibaika izan zen estropadaren irabazlea, aurreko bietan bezala, eta Zumaia helmugaratu zen bigarren, 10 segundora. Kaiku izan zen hirugarren, 12 segundora, eta Tolosaldearen ondoren (18 segundora) Deustu helmugaratu zen 26 segundora. Hori horrela, ohorezko txandan mantentzen da Tolosaldea, sailkapeneko hirugarren postuan, 25 punturekin. Hibaikak 33 puntu ditu, Zumaiak 29 puntu, eta Deustu eta Kaiku berdinduta daude 24 punturekin.
Hibaika eta Zumaia «oso indartsu» daudela dio Oiartzabalek, eta ez dutela akatsik egiten. «Ohorezko txanda oso berdinduta dago, aurreko estropadan ikusi zenez. Guk dena ondo eginez gero, goian izango gara. Garbi dago akats gutxien egiten duena goian egongo dela, eta gaur guri tokatu zaigu akatsak egitea, baina estropada honen inguruan ezin dugu ezer gehiago egin eta entrenatzen joan beharko dugu hurrengoari begira».