Miren Larrarte eta Eneko Maiz, txapeldun nagusietan

Tolosaldeko Ataria 2019ko eka. 24a, 13:57

Miren Larrarte bidaniarrak Gipuzkoako Lau eta Erdiko lehen edizioko txapela lortu zuen, 22-13 irabaziz Arrillaga aginagarrari, biak Su-Berri elkartekoak. Eneko Maiz billabonatarrak 22-6 irabazi zion Jon Urbieta asteasuarrari, biak Behar Zana elkartekoak, Beotibar frontoian jokatutako finalean.

Larrartek nagusien lehen mailan lortu zuen txapela, Andoaingo Arrate pilotalekuan. Bertan emakumezkoen nagusien bigarren mailako finala ere jokatu zen, eta Intxurre elkarteko Tolosa amezketarrak galdu egin zuen 22-17 Gazteleku elkarteko Mendizabal andoaindarraren aurka.

Beotibar frontoian, beste bi final jokatu ziren. Jubenilen lehen mailan, Tolosa-Aurrera elkarteko bi pilotari nor baino nor: Altunak 22-18 irabazi zion Amianori. Kadeteen lehen mailan, beste Amiano bat, aurrekoaren anaia eta Tolosa-Aurrerakoa, aritu zen lehian Mundarro elkarteko Lizeagaren aurka, eta azkenean 22-19 galdu zuen.

Larrartek azaldu duenez, "hasieratik lau tantoko aldea atera nion, eta eroso aritu nintzen. Partidaren erdi aldean, bera atzera botatzen hasi zen, bere indarra baliatuz, eta hor arazo gehiago izan nituen, baina orokorrean pilota mugituz moldatu nintzen". Lau eta erdiko Gipuzkoako lehen txapela irabaztea "poz handia" dela esan du bidaniarrak: "Lehenengoa da, eta lehenengoa beti izaten da garrantzitsua".

Bestalde, Larrartek Anoetako festetan jokatutako neska federatuen pala txapelketako finala irabazi zuen, Garazi Eizmendi aiarrarekin batera, Leire Galdos oiartzuarraren eta Maddi Mendizabal zaldibiarraren kontra. 30-15 gailendu ziren Larrarte eta Eizmendi.

Maizek sakearen bidez lortu zuen bere garaipena Urbietaren aurka. "Urbieta aurten denboraldi oso ona egiten ari da, eta txapelketan zehar maila handia erakutsi du, baina finalean ez zuen bere egunik onena izan. Nik, gauza handirik egin gabe irabazi nuen. Sakearekin min handia egin nuen, eta errestoan berak huts batzuk egin zituen, eta errestatu zituenak nahiko aukeran utzi zizkidan".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!