Julen Gabirondo gehitxo izan da Etxeberria eta 'Urki'rentzat

Ataria 2019ko ekainaren 24a

Argazkiak: Jon Leunda

Gipuzkoako Sega Txapelketaren finala jokatu da Larraitzen. Gabirondo izan da kilo gehien moztu dituena, Etxeberriaren aurretik. Jexuxmari Ormaetxea 'Urki' hirugarren gelditu da.

Julen Gabirondo da Gipuzkoako sega txapelduna. Igandean jokatu zen finala Larraitzen, sargori punttu dezentekoarekin. Erraz nagusitu zen urnietarra, bai sailetan eta baita kilotan ere. Ordubeteko lanean aritu ziren lau segalariak. 2.473 kilo moztu zituen txapeldunak. Epaileek txartel gorri bat atera zioten, 20 kilo galera ezarriz. Bigarren Jokin Etxeberria sailkatu zen. Bedaion bizi den amasarrak 2.288 kilo eraman zituen pisura. Jexuxmari Ormaetxea 'Urki' sailkatu zen hirugarren, 2.156 kilorekin. Alegian bizi den orendaindarrak zuen guztia eman zuen ordubeteko lanean. Gazteena izan zen laugarrena, Jon Otegi, 2.022 kilorekin.

Gipuzkoako Sega Txapelketa amaitu ondoren, Euskal Herrikoa jokatzen hasiko dira segalariak. Tartean izango dira eskualdekoak.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!