Gipuzkoako Sega Txapelketaren finala Ataria Irratian, ZUZENEAN!

Ataria 2019ko ekainaren 21a

Igandean, 12:00etan hasita, Ataria Irratia Larraitzen egongo da Gipuzkoako Sega Txapelketaren finala zuzenean kontatzeko. Jokin Etxeberria eta Jexuxmari Ormaetxea 'Urki' txapelaren lehian ariko dira.

Igande honetan, Larraitzen jokatuko dute Gipuzkoako Sega Txapelketaren finala, 12:00etan. Bertan izango diren lau segalarietatik bi eskualdekoak izango dira: Jexuxmari Ormaetxea Urki orendaindarra eta Jokin Etxeberria amasarra. Azken hau, iazko txapelduna.

Finalerako sailkatzeko kanporaketa aurreko igandean jokatu zuten, Asteasun. Bederatzi segalari aritu ziren, finalerako lau txartelen lehian, bi multzotan banatuta. Horietatik lau eskualdekoak ziren: Ormaetxea eta Etxeberriaz gain, Mikel Lizartza tolosarra eta Arkaitz Arteaga baliarraindarra. Alegian eta Bedaion bizi diren Urki eta Etxeberriaz gain, finalera pasatu zirenak Julen Gabirondo eta Jon Otegi izan ziren. Ordu erdiko lana egin zuten Asteasun, baina finalean ordubeteko saioa izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!