Aralar, Munksjö eta Oriako langileak grebara atera dira

Ataria 2019ko eka. 20a, 08:59

Argazkia: Kronika

ELA, LAB eta CCOO sindikatuek, langileen babesarekin, greba deitu dute papergintzan hitzarmen berri baten alde; gaur Tolosan manifestazioa egingo dute 12:00etan.

Amezketako Aralar eta Berastegiko Ahlstrom Munksjö lantegiak itxi egin zituzten atzo. Zizurkilgo Orian ere greba egin zuten, baina enpresatik ez zuten informazio gehiago eman nahi izan. Gipuzkoako papergintzan greba eguna zen atzokoa, gaurkoa bezala. Hitzarmen berri baten alde ari dira borrokan, eta eskualdeko hiru lantegi horietan du eragina. Guztira, 16 greba egun deitu dituzte. Hurrengo biak ekainaren 26an eta 27an izango dira. Hortik aurrera, uztailaren 3, 4, 10 eta 11; irailaren 18, 19, 25 eta 26a; eta urriaren 2, 3, 9 eta 10a agertzen dira egutegian.
Lehen greba egunean, atzo, Hernanin elkartu ziren manifestazioan. Gaur, 12:00etan, Tolosako Trianguloa plazan elkartuko dira. Papergintza hitzarmen berri baten alde borrokan dagoela erakutsi nahi dute kaleetan. ELA, LAB eta CCOO sindikatuek egin dute deialdia. Aurrez, lantegietan, bozketak egin zituzten deialdien babesa neurtzeko.


Eskualdeko enpresei dagokienez emaitzak ondorengoak izan ziren LAB-ek eskainitako datuen arabera: Amezketako Aralarren 87 langilek eman zuten baiezkoaren aldeko botoa; 27 izan ziren ezetz bozkatu zutenak; txuriak 3 eta nuloa bat. Berastegiko Munksjön 78 baiezko izan ziren; 14 ezezko eta boto zuri bat. Azkenik, Zizurkilgo Orian, grebaren aldeko 27 boto kontatu zituzten; aurka 17 eta zuri bat.


«ADEGI mahaitik altxatu da»

LAB eta ELA sindikatuek ADEGI Gipuzkoako Enpresen Elkartearen jarrera salatu dute, «sektorea grebara behartu» dutela azpimarratuz. Ekainaren 17an sindikatuak eta enpresen ordezkariak bilera egin zuten. «Gure ustetan bilera determinantea izan behar zuena iruzur bilera bat bihurtu da», adierazi dute LABetik. Batzarraren xehetasunetan sartuta, ondorengoa gehitu dute: «Patronalak ez du fitxarik mugitu eta ez du inongo proposamen berririk mahai gainean jarri eta alde soziala egin du errudun blokeo egoera honetaz».


Jarrera horren aurrean sindikatuek urratsak eman dituztela adierazi dute LABetik: «Mahaia desblokeatu, negoziatzen jarraitzeko eta akordio bat posible egiteko asmoarekin ADEGIri proposamen berri bat egin diogu, proposamen garrantzitsu bat non soldatetan proposamen berri bat luzatu dugun; lizentzietan ere gure plataforma mugitu dugu, kontuan izanda guretzat oso puntu garrantzitsuak direla».


Urrats horien aurrean jasotako erantzuna, ordea, ez da sindikatuek nahi zutena: «ADEGIren erantzuna lotsagarria izan da benetan, mahaitik altxatzea erabaki dute, beraien negoziatzeko borondate eza argi eta garbi erakutsiaz. Jakinarazi diegu langileok bozkatu dugula ADEGIren proposamena, eta ez dela nahikoa erabaki dugula, beste proposamen berri bat ekartzea eskatuz. Baina ADEGIk muzin egin dio asanbladak erabaki duenari eta negoziaketak bertan behera utzi ditu».


Ondorioz, grebara joatea beste aukerarik ez diela utzi esan dute LABetik.


«Soldata altuak»

ELA sindikatuaren irakurketa bide beretik doa: «Bileran, negoziatzeko borondatea agertu beharrean, sektorean soldata altuak kobratzen direla leporatu die Adegik langileei. Eta hori gutxi balitz, ez dute inolako aldaketarik proposatu euren plataformari dagokionez».


Hala ere, sindikatuak amore emateko ez daudela esan dute ELAtik: «Alderdi guztientzat onuragarria izan daitekeen hitzarmena lortzeko asmoz, aldaketa berriak jarri ditugu mahai gainean: besteak beste, soldata igoeraren eskaera %0,6 jaistea, KPI+%2ra arte, beti ere, akordio batera heltzeko asmoz». Proposamen horrek, ordea, inolako eraginik ez duela izan azaldu dute ELAtik, eta jarrera berean jarraitzeaz gain, ADEGIk ez duela ezer berririk eskaini berretsi dute, «sektoreak bizi duen momentutik oso urrun dagoen eskaintza bati helduz».


Amaitzeko, hitzarmen duin baten alde borrokan jarraituko dutela iragarri dute, «beste behin ere». Horretarako, hurrengo hitzordua gaur 12:00etan Tolosako Trianguloa plazan kokatu dute. Ekainaren 26an eta 27an, berriz, greba egingo dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!