EH Bilduk ospitale publikoa bideratu nahi du agintaldi berrian

Tolosaldeko Ataria 2019ko eka. 18a, 08:37

Hauteskundeen aurretik berretsitako konpromisoei eutsi, eta datozen hilabeteetarako egitasmo politikoaren ardatzak zehaztu ditu Tolosaldeko eta Anodaingo EH Bilduk.

Atzo eguerdian Villabonako Errebote plazan egindako agerraldian, 2019-2023 agintaldian Tolosaldeko ospitale publikoaren proiektua «erabat bideratuta» utzi nahi dutela azaldu zuten Tolosaldeko eta Andoaingo EH Bilduko hautetsiek.

«4-6 urte arteko epean erralitatea izan dadin», egitasmo politikoaren ardatzak zehaztu zituzten Andu Martinez de Rituerto eta Arantxa Lopez Tolosako eta Villabonako zinegotziek. Batetik, beste alderdi politikoek gaiaren inguruan duten jarrera zein den ezagutu nahi dute. Bestetik, egin duten lanari balioa aitortu nahi diote: «Gure osasuna, gure erabakia proposamena tresna egokia iruditzen zaigu egoera aztertzen hasteko», azaldu zuten.

Eskualdeko ospitale berria eratzeko prozesuan, aditu taldeek eta gizarte eragileek parte hartu dezaten nahi dute. «Guk ideiak azal ditzakegu, baina haiei dagokie ospitale publikoaren forma, edukia zein kokaleku egokiena zehaztea».

Horrez gain, beharrezko ikusi dute eskualdeko diagnostiko soziosanitarioa, zein azterketa soziodemografikoa egitea, ospitalearen ezaugarriak zehazteko. Horretarako, zinegotziek esan zuten honako ideiak hartuko dituztela kontuan: «Espezializazio handiko prozedurak Tolosan egiteak, seguru asko, kaltetu egingo luke zerbitzuaren kalitatea. Gure ustez, Tolosan, lehen mailako arreta zerbitzua eta etxeko mediku eta erizainen zerbitzua publifikatu eta indartu beharko lirateke». Asuncion klinikako langileen etorkizuna aztertu eta geriatriako espezialistak egoteko zein zerbitzu multifuntzionalak sortzeko aukerak ere aztertu beharko liratekeela esan zuten.

Zinegotzien hitzetan, EH Bilduk osasun eredu berri bat sustatu nahi du. «Arreta hobetzeaz gain, osasunean eragiten duten aldagaiak kontuan hartu, osasun ikuspegia politika guztietan txertatu eta osasunaren sustatzean eta prebentzioan sakontzen jarraituko dugu».

Osasun arreta esku pribatuen esku uztearekin desados agertu da koalizio abertzalea, eta «Eusko Jaurlaritzari hitzarmen horren jarraipen zorrotza egin eta osasun arretaren kalitatea berma dezala» exijituko diote.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!