Ikusi proba guztietako irudiak hemen
Giro bikaina izan da gaur Tolosaldean, eta Tolosa mendi lasterketan hiriburu bihurtu da. Hiru proba izan dira jokoan, eta eskualdeko korrikalariek protagonismoa izan dute. T3T maratoian, gizonezkoetan Hassan Ait Chaou billabonatarra izan da irabazlea, bigarren Beñat Katarain zegamarra helmugaratu da eta hirugarrena Xabi Lete oñatiarra. Emakumezkoetan, lehenengoa Amaia Amantegi berangarra izan da, probaren marka berria ezarriz, bigarren Natalia Gomez barakaldarra eta hirugarren Sarah Ugarte tolosarra.
Hasieratik joan da aurretik Ait Chaou: "Banekien ondo nentorrela, lesiorik gabe, entrenatzen ondo ari nintzela, eta hasieran Walter Becerra indartsu hasi da, eta erabaki dut berarekin joatea. Montezkuetik gora ikusi dut erritmoa jaisten ari zela eta nik erabaki dut nire erritmoa mantentzea, eta ondo joan zait proban". Bukaera aldera billabonatarrak erritmoa jaitsi egin du: "Erroizpe aldean kalanbreak etorri zitezkeela sumatzen hasi naiz, eta Beñat zortzi minutura nuenez, erabaki dut erritmoa pixka bat jaistea, eta helmugara ondo iristea". Ibarratik aurrerako azkeneko kilometroak "gozatuz" egin dituela esan du.
Sarah Ugarte "oso pozik" azaldu da bere hirugarren postuarekin: "Etxean hirugarren postua lortzea oso garrantzitsua zen niretzat. Lehenengo kilometroetan fisikoki ez naiz oso ondo sentitu, eta lehenengo neskak urruti zeuden, baina gero hobeto joan naiz sentitzen eta ondo bukatu dut". Lasterketa osoan "bero asko" egin duela esan du tolosarrak, eta Hernioko eta Erroizpeko igoerak bereziki gogorrak egin zaizkiola gaurkoan. "Giroa oso polita" izan dela nabarmendu du: "Asko animatu naute lasterketa osoan".
1. Hassan Ait Chaou 4:05:40
2. Beñat Katarain 4:09:58
3. Xabi Lete 4:24:05
1. Amaia Amantegi 4:48:36
2. Natalia Gomez 5:03:23
3. Sarah Ugarte 5:18:31
Ibai Madina eta Nerea Iturriaga lehenak, T2T lasterketan
Ibai Madina berrobitarrak irabazi du T2T proba gizonezkoetan, eta bigarren Jon Aizpuru beasaindarra eta hirugarren Ioritz Conde elgoibartarra izan dira. Emakumezkoetan, Nerea Iturriaga getxoztarra izan da txapelduna, bigarren Laiane Arrospide tolosarra izan da eta hirugarren Maialen Gurrutxaga andoaindarra.
Madinak hirugarren postuan pasa du Uzturre, eta gero lehenengoa izatea lortu du helmugan: "Uzturrera lasai igotzeko asmoa nuen, baina azkenean oso azkar igo gara, 36 minututan, eta nola eroso nindoan, horrela jarraitzea pentsatu dut. Gero hasi naiz estutzen Elduaineraino, eta hor lehenengo jarri naiz. Hortik aurrera esan dut horrela jarraituko nuela iristen nintzeneraino, eta azkenean helmugan lehena izan naiz". Madinak asko ezagutzen du bidea, eta badaki noiz oinez joan eta noiz korrika, eta horrek "erraztu" egiten duela esan du: "Gainera eguraldi oso ona zegoen eta ibilbidea erraza zegoen".
Laiane Arrospidek ez zuen bigarren egitea espero, baina posible ikusten zuen: "Inguruan esaten zidaten posible zela, nik ere ikusten nuen iazko denborak ikusita, baina ez nekien zein zetorren. Azkenean bigarren egin dut, eta oso pozik". Lasterketan "pila bat gozatu" duela esan du tolosarrak: "Lartetik [Erroizpe] behera 'bola' bat igotzen hasi zait, baina aguantatu dut, eta oso pozik egindakoarekin".
1. Ibai Madina 2:08:39
2. Jon Aizpuru 2:08:59
3. Ioritz Conde 2:12:02
1. Nerea Iturriaga 2:31:53
2. Laiane Arrospide 2:43:41
3. Maialen Gurrutxaga 2:46:15
Mendi lasterketen Euskal Herriko Txapelketa
Gaurkoan ere jokoan izan da Euskal Herriko Txapelketa, eta bertan parte hartu dute Euskal Mendi Federazioan federatuta dauden korrikalariak.
Gazte Lasterketan lortutako emaitzen bidez, ondorengoak dira sailkapenak:
- Neskak kadeteetan: 1. Eider Irizar, 2. Irene Iturria, eta 3. Naroa Gallego.
- Mutilak kadeteetan: 1. Igor Mugarza, 2. Julen Goenaga, eta 3. Gorka Zabala.
- Neskak juniorretan: 1. Nagore Uribarri
- Mutilak juniorretan: 1. Iker Ezeiza, 2. Aitor Artaraz, eta 3. Eki Imaz.
T3T maratoian lortutako emaitzen arabera, ondorengoak dira sailkapenak:
- Promesa mutilak: 1. Pablo Valle, 2. Oinatz Manterola, eta 3. Egoitz Aburuza.
- Gizonezkoak: 1. Hassan Ait Chaou, 2. Beñat Katarain, eta 3. Xabi Lete.
- Emakumezkoak: 1. Amaia Amantegi, 2. Natalia Gomez, eta 3. Sarah Ugarte.
- Gizonezko beteranoak: 1. Unai Santamaria, 2. Carlos Garcia, eta 3. Alfonso Manterola.
- Emakumezko beteranoak: 1. Nerea Amilibia, 2. Elixabete Ursua, eta 3. Ana Goya.
- Taldeka: 1. Alpino Uzturre, 2. Sestao Alpino Club, eta 3. Erlaitz Mendi Elkartea.