Eskualdea paladaz palada

Irati Saizar Artola 2019ko eka. 16a, 09:00

Traineru denboraldia hasteko egun gutxiren faltan, eskualdeko arraunlariak buru-belarri ari dira lanean, aurreikuspenak gainditu edota helburuetara ahalik eta gehien hurbiltzeko. Tolosaldeak itsasorik ez duen arren, eskualdeko 41 arraunlarik talde ezberdinetan neurtuko dituzte indarrak, Kantauri itsasoan.

Datozen egunetan emango diote hasiera traineru denboraldiari. Gizonezkoetan KAE liga jokatuko dutenek, eta emakumezkoetan ETE ligan arituko direnek, bihar izango dute lehen estropada. Eusko Label liga ekainaren 22 eta 23ko asteburuan hasiko da eta, azkenik, Euskotren ligan arituko direnek ekainaren 29 eta 30ean emango diote hasiera denboraldiari.

Aurtengo denboraldian eskualdeko 41 arraunlarik hartuko dute parte, lau ligatan eta hamaika talde ezberdinetan. Horietatik 21, Tolosaldea traineruko kideak dira.

Tolosaldeak, beraz, beste hamar talderekin batera, bihar hasiko du liga, ETE mailan. 11:30ean dute hitzordua, Pasai Donibanen. Eta leku eta ordu berean lehiatuko dira igandean ere.

Tolosaldeako 21 neskez gain, eskualdeko beste bi arraunlari ariko dira bigarren maila horretan, biak tolosarrak, eta bakoitza talde banatan: Itxaso Aranburu Hernanirekin eta Ane Antxustegi San Juango traineruan.

Bigarren mailako mutilek ere bihar bertan hasiko dute liga, horiek ere Pasai Donibanen. 12:00etan ekingo diote lehen estropadari eta, hurrengo egunean, egun eta leku berean izango dute bigarrena. KAE liga horretan, zazpi eskualdeko gizonezko arituko dira lehian. Horietatik hiru, iazko denboraldian igo ziren KAE 1 ligara, Donostiarra taldearekin: Andoni Bartolome, Endika Garcia de Iturraspe eta Nabil Haimane, tolosarrak hirurak.

Gizonezkoen maila nagusian, Eusko Label Ligan, Tolosaldeko zazpi ordezkari ariko dira: Hondarribian, Kaikun, Orion, San Pedron eta, estreinakoz, Zierbenan. Garikoitz Lopetegi eta Joseba Larrarte billabonatarrek Kaiku utzi eta Zierbenan egingo dute datorren denboraldia. Imanol Olasagasti adunarra, berriz, lehen aldiz arituko da maila gorenean; Hondarribiak fitxatu du. Endika Lopez eta Jon Lizarralde tolosarrek Hondarribiarekin liga irabazteko aukera izango dute, eta Eneko Zabala adunarrak Kaikun jarraituko du. Bestalde, Xabier Zabalak, Joseba Alustizak, Jon Ander Agirrek eta Mikel Lasak ez dute maila gorenean arraun egiten jarraituko.

Emakumezkoen Euskotren Ligako lau traineruak Arraun Lagunak, Donostiarra, Hondarribia eta Orio izango dira, eta azken hiru taldeetan eskualdeko lau ordezkari ariko dira. Donostiarra lehen aldiz lehiatuko da maila nagusian; beraz, aurten, Olatz Lopez tolosarrak eta Naroa Urkola anoetarrak mailarik gorenean egin beharko dute arraun, talde berean jarraitzen baitute. Nerea Perez patroi tolosarra Hondarribiako traineruko patroi arituko da, iaz, San Juanekin liga eta Kontxa irabazi ondoren. Azkenik, Oihane Iraola tolosarrak Orion jarraituko du.

Iaz Urdaibai eta San Juan izan ziren liga nagusietako txapeldunak, eta eskualdeko Nerea Perezek, Ioana Alijostesek eta Irati Larrañagak izan zuten Euskotren bandera astintzeko ohorea. Irailera bitarte, ikusi egin behar nork lortzen dituen emaitza hoberenak, eta amaieran jakingo da bandera astintzen eskualdekorik baden.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!