Feminista eta antirrazista

Tolosaldeko Ataria 2019ko eka. 15a, 08:59

Euren esperientziak oinarri hartuta, “sistema heteropatriarkal, kapitalista eta arrazistak” egunerokoan eragiten dizkien zapalkuntzez hitz egin dute Divina elkarte sortu berrian biltzen diren emakume migratzaile eta arrazializatuek.

Aurretik Unidad de Africanos UA elkartean parte hartutakoa da Oghogho Nancy Orumwense, idazkari gisa, baina uztea erabaki zuen: “Emakumeon iritzia ez zuten askorik errespetatzen; gure ideiak ez zituzten aintzat hartzen, eta gizonezkoen esana gailentzen zen beti”. Horregatik erabaki zuten soilik emakume nigeriarrez osatutako elkarte bat sortzea; duela urtebete erregistratu zuten.

Jatorria Nigerian duten 24 emakumek osatu dute elkartea, 20 eta 50 urte artekoak guztiak, eta ia denak, amak. Tolosa, Villabona-Amasa, Zizurkil, Ordizia, Beasain, Lasarte-Oria eta Irunen bizi dira, eta gehienek hamar urte baino gehiago daramatzate Gipuzkoan. “Gauza asko egin nahi ditugu, baina ateak zabalik behar ditugu horretarako. Hemen bizitzea erabaki dugu, eta, aukera ematen badigute, dugun onena emango diogu gizarteari”, azaldu du Orumwensek.

Gizarteari “modu positiboan” eskaini nahi diote euren kultura, ezagutza eta jakintza, eta, Marisa Isoken Giani Graglia elkarteko diruzainak aipatu duenez, trukean jasotzeko helburua ere badaukate: “Ikasteko gogoz gaude gu ere, eta bertako kulturaz jantzi nahi dugu”. Gizartean Nigeriako emakumeekiko dauden aurreiritzien kontra egiteko formula ere aipatu du Gragliak: “Elkarren ezagutzan sakontzea”.

Aliantza bila

Arraza, klase eta sexu zapalkuntzen kontra borrokatzeko elkartu dira jatorri nigeriarra duten emakumeak, eta emakumeen eta umeen esklabotzaren aurka agertu dira, bereziki. Graglia kezkatuta dago euren seme-alabek eskolan bullying-a jasaten dutelako batzuetan: “Elkartean aholkularitza hori ere eman nahi diegu emakumeei, etxean horrelako kasu bat baldin badute nora jo behar duten jakin dezaten”.

Gehienetan, emakumeen gain geratzen da seme-alaben zaintza, baita komunitate nigeriarrean ere. “Matxismoa ez dago herrialde batean edo bestean soilik; toki guztietan dago, eta emakume guztiak zapaltzen gaitu”. Orumwenseren esanetan, indarkeria matxista jasan duten emakumeei babesa emateko helburua ere badu elkarteak. “Emakume askok ez dituzte salatzen erasoak, beldurragatik. Salaketa jartzean, gainera, emakume migratzaile garenez, zalantzan jartzen da gure hitza”. Indarkeria matxista salatu nahi duten emakumeei “babesa” eskaini nahi dietela gaineratu du. “Erakutsi nahi diegu zer baliabide dituzten eskura, kontuan hartuta azken hitza beti erasoa jasan duen emakumearena izango dela”. Orumwensek eta Gragliak biek ala biek aitortu dute “sufrimendu psikologikoa eta fisikoa” jasan izan dutela emakume izategatik.

Divina elkarteko kideek esparru gehiagotara zabaltzen dute aholkularitza. Nigeriatik etorri berriak diren emakumeei gizarte eta osasun zerbitzuetako baliabideak non topa ditzaketen azaltzen diete, eta euren egoera erregulatzeko argibideak ere ematen dizkiete. “Emakumeen ahalduntzea bultzatu nahi dugu, eta gure gaitasunak agerian utzi”, azpimarratu du Gragliak.

Doris Ojo da hiru emakumeetan gazteena, eta kanturako duen afizioaz aritu da hizketan. Jatorri nigeriarreko emakumeek eskulanetarako duten abilezia goraipatu dute elkarteko kideek. “Ile apaintzaile gisa aritu gaitezke, dantzarako iaioak gara, eta artisau lanetan aritzeko gaitasun handia dugu. Sukaldean ere trebeak gara”.

Martxoaren 8an, “gustura”

Gaitasun horietako batzuk erakutsi zituzten maiatzaren 31n, Zizurkilen, Aiztondo bailarako mugimendu feministako kideekin batera antolatutako janari dastaketan. Arroz frijitua prestatu zuten jatorri nigeriarra duten emakumeek, eta marmitakoa bertakoek. Esperientzia “aberasgarria” izan zela azpimarratu dute, mugimendu feministaren barruan abiatu duten bidean beste urrats bat. “Ni duela bost bat urte Gipuzkoara bizitzera etorri nintzenean, ez zegoen emakume elkarte antolaturik. Gerora ikusi dut zein indar hartu duen mugimendu feministak, eta uste dut gauza on asko aterako direla hortik”, esan du Orumwensek. Matxismoaren kontra emakume guztien aliantza behar dela uste du Gragliak ere, eta nabarmendu du “oso ondo” sentitu zela aurten, lehen aldiz, Martxoaren 8ko mobilizazioetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!