Enpresa kudeaketa ikastaroa, ekintzaileentzat

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko eka. 14a, 08:57

Datorren astean izango da, Lehiberrin; plaza mugatuak izango dira, baina langabetuek izango dute lehentasuna.

Tolosaldea Garatzenen helburu nagusietako bat, lanpostu berriak sortzeko aukera sustatzen den bitartean, eskualdean enpresa egitasmo berriak sortzea izan da betidanik. Horrela, ekintzailetza sustatu asmoz eta izpiritu hori bultzatu asmoz, enpresa egitasmo berri bat sortu nahi duten ekintzaileei zuzenduriko enpresa kudeaketa ikastaroa antolatu du.

Tolosaldeko ekintzaile berriei zuzenduriko prestakuntza saioak izango dira, eta langabetuek izango dute lehentasuna. Hala ere, plaza mugatuak izango dira: 12 lagunentzako izango da tokia. Pertsona horiek negozio plan bat burutzeko gaitasun teknikoetan trebatu ahal izango dute.

20 orduko saio teorikoa

Ikastaroa ekainaren 17an, astelehena, hasiko da eta, datorren ostiralean, hilak 21, amaitu. Bost egunetan, lau orduko saioak izango dira, goizez (09:30-13:30), Tolosako Apatta industrialdeko Lehiberri zentroan.

Astelehenean, hastapen saioa egingo dute, ekintzailetza negozio planei buruzkoa. Asteartean, negozioaren kudeaketa eta kontrol ekonomikoa erreminten inguruan ariko dira. Asteazkenean, berriz, egitura juridikoen inguruko saioa izango da. Ostegunean, alderdi administratiboari, negozioaren abiarazteari eta Gizarte Segurantzako kotizazioari buruzkoa izango da. Azkenik, ostiralean, behar fiskalez eta zergez ariko dira.

Kudeaketa ikastaro horren inguruan argibide gehiago izateko interesa dutenak, Tolosaldea Garatzeneko Ekintzailetza Sailera zuzendu daitezke, 943 65 45 01 telefono zenbakira deituz edota zubeldia@tolosaldea.eus helbide elektronikora mezua idatziz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!