Prekarietatearen aurkako ekitaldiak aste honetan

Ataria 2019ko ekainaren 11

Ernaik 'Bizitzak biziarazi' lelopean ekitaldiak antolatu ditu herri eta eskualdeetan eta Tolosaldeari dagokionez, ostegunean hitzaldia izango da Anoetan eta bizikleta martxa ostiralean, Tolosa eta Villabona artean.

Enpleguan, etxebizitza merkatuan eta aisialdian prekarietatea hedatzen ari dela salatu du Erna gazte antolakundeak. Bizitzak gure neurrira txostena aurkeztu du prekarietateari aurre egiteko proposamenak bilduz eta mobilizazio kanpaina bat iragarri du, ostegunetik larunbata bitartean.

Ostegun eta ostiralean herri eta eskualdeetan ekimen ezberdinak burutuko dira eta hilaren 15ean Gasteizen egun osoko egitaraua prestatu du Ernaik. Besteak beste, aisialdia "merkantilizatzen" ari direla salatu du gazte erakundeak. Duela gutxi telebista publikoak apustu etxeen iragarkirik ez onartzeko erabakia hartu zuen, eta antzeko neurriak eskatu dituzte, bai arlo publiko zein pribatutik.

Hain zuzen, ekainaren 13an, Anoetako plazan, Igor Meltxorrek hitzaldia emango du gaiaren inguruan, Zer dago apustu-etxeen atzean? galderari erantzunez. Bestalde, ostiralean, ekainaren 14an, bizikleta martxa bat egingo da Tolosa eta Villabona artean, 18:00etatik aurrera.

Eskualdeko egitaraua

Ekainak 13, osteguna

19:00. Igor Meltxorren hitzaldia Anoetako plazan. Zer dago apustu etxeen atzean?

Ekainak 14, ostirala

18:00. Bizikleta-martxa: Tolosa-Anoeta-Villabona artean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!