Iñaki Arregi bekaren lehen deialdiarekin udalerri euskaldunak garatzeko proposamen zehatzak eta bideragarriak bildu nahi dituzte. Uemak sortu du beka, eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren babesa du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Kontseiluarekin eta UEUrekin elkarlanean osatu dute.
Uematik diote, «udalerri euskaldunak garatzea» dela euskararen arnasguneei sendo eusteko modu «eraginkorrena». Eta udalerri euskaldunak garatzeko adibide praktikoak aztertu eta abiarazi nahi dituzte agintaldi berrian.
Iaz, Uema, Kontseilua, Udako Euskal Unibertsitatea eta Gaindegia elkartu ziren, eta hainbat aditurekin batera aztertuz, udalerri euskaldunak garatzeko hainbat irizpide eta oinarri proposatu zituzten: «Oinarri horiek bideratzeko egitasmo zehatzak abiaraztea da orain asmoa, udalerri euskaldunak garatzeko eta arnasguneei bizirik eusteko».
Beka norbanakoek edota ikerketa egiteko berariaz sortutako lantaldeek jaso ahal izango dute. Proposamenak eta lehen laginak aurkezteko epea uztailaren 24ra bitarte jarri dute, eta epaimahaiak irailaren 20an emango du jakitera, zeintzuk diren diruz lagunduko dituzten bi ikerlanak. Egun horretatik aurrera, saridunek bederatzi hilabeteko epea izango dute laginak garatzeko eta ikerlanak aurkezteko. Eta, zehaztu dutenez, amaitzean, lanak gutxienez 75 eta gehienez 200 orrialde izan beharko ditu. Lehen deialdi honetan lan bakoitza 5.000 eurorekin sarituko dute.
IÑAKI ARREGI GOGOAN
2010ean hil zen Iñaki Arregi Ihartza, eta Uemako koordinatzailea izan zen hil arte. Uematik azpimarratu dute: «Ederki zekien Uemaren nondik norakoak eta helburuak gainontzekoei helarazten, eta sorreratik Uemaren arima izan zen».
Euskaltzale sutsua izan zen Arregi eta, Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean, ezinbestekoa iruditzen zitzaion, «Uemaren lana eta lurgunea zabaltzea».
Udalerri euskaldunen garapenarekin ez ezik, soziolinguistika edukiak zabaltzearekin eta udalerri euskaldunei buruzko ikerketarekin lotura estua izango duenez, Uemak aurreratu du berak antolaturiko jardunaldietan ezagutaraziko dituela bi lanak.