Papergintzako langileentzat 16 greba egun deitu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2019ko eka. 5a, 11:59
Protesta egin zuten atzo ADEGIren egoitzaren aurrean.

Lan hitzarmen berri baten alde borrokan ari dira Gipuzkoako papergintzako langileak; CCOO, ELA eta LABek ekainaren 19rako proposatu dute lehen greba eguna.

Denbora daramate Gipuzkoako papergintzako langileek negoziaketetan. Patronalaren aldetik eskaintzetan hobekuntzarik ikusten ez dutenez, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek 16 greba egun deitu dituzte. Atzo eman zuten horren berri, Donostiako Adegi patronalaren egoitza parean egindako protestan.

Sindikatuek azaldu dutenez lan hitzarmen berri baten alde egingo dute, «sektoreko langileek sortutako aberastasuna banatu eta eskubideetan aurrerapausoak emango dituena». Gipuzkoako papergintzak bizi duen egoera «oso ona» dela adierazi dute, eta hori islatzen duen negoziaketa bat nahi dute. «Soldata igoera garrantzitsuak, lanpostu berriak, lan erreformen aurkako blindajeak, diskriminazioen desagertzea eta lan baldintzak hobetzen dituzten baina inolako kostu ekonomikorik suposatzen ez duten eskaeren alde egiten dugu», azaldu dute.

Horren aurrean, sektoreko delegatuek 16 greba egun proposatuko dituzte, papergintzako langile asanbladetan berretsiak izan daitezen. Ekainaren 19, 20, 26 eta 27; uztailaren 3, 4, 10 eta 11; irailaren 18, 19, 25 eta 26; eta urriaren 2, 3, 9 eta 10ean izango dute greba.

Ekainaren 10ean izango dute hiru sindikatuek negoziaketako hurrengo bilera, eta adierazi dutenez, proposamen berri bat eramango diote Adegi patronalari: «Bilera hori negoziaketa hauetan inflexio puntu bat izan dadin espero dugu». Izan ere, salatu dutenez, orain arteko patronalaren eskaintzak oso urriak izan dira, eta «euren helburua eskaintzak pixkanaka hobetzen joatea da negoziaketa ahalik eta gehien luzatzeko». Hori horrela, sektoreko langileek greba egunekin bat egin dezaten eskatu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!