Jaka, Altuna III.a eta Artolaren egutegia lau eta erdikoan

Ataria 2019ko ekainaren 4a

San Fermin Txapelketa, kaiolan, joan den larunbatean hasi zen, final-hamaseirenekin. Artolak aurrera egin zuen Agirre kanpoan utzita. Orain, alegiarrari Erik Jaka eta Jokin Altuna elkartuko zaizkio.

Final-zortzirenetako partiden atarian da San Fermin Txapelketa. Lau eta erdiko lehia aurreko larunbatean hasi zen. Asteburu honetan atseden hartuko dute, eta ondoren, lau partida jokatuko dira; Baikoko pilotariak eta Aspekoak bakoitza bere aldetik. Erik Jakaren lehen partida izango da; Iñaki Artolaren bigarrena. Jokin Altuna, aldiz, zain egongo da. Iaz txapeldunorde geratu zenez San Ferminetan, amezketarra final-laurdenetan sartuko da txapelketan, Elezkano II eta Etxeberriaren arteko irabazlearen aurka jokatuko duelarik. Partida hori ekainaren 24an jokatuko da Eibarko Astelena pilotalekuan. 

Erik Jaka eta Iñaki Artola

Alegiarrak Agirre kanpoan utzi ondoren, Urrutikoetxearen aurka jokatuko du ekainaren 14an Arrigorriagan. Artolaren aurkaria buruz buruko txapelduna edo txapeldunordea izango da. Txanponaren beste aldea Erik Jakak izango du aurkari ekainaren 16an Beasainen. Lizartzarrak Irribarriaren aurka jokatuko du final-zortzirenetako partida.

Artolak aurrera eginez gero, final-laurdenetan Bengoetxea VI.a izango du aurkari. Partida hori Muskizen jokatuko litzateke ekainaren 22an. Erik Jakak, pasako balitz, Ezkurdiaren aurka jokatu beharko luke. Oraindik ez da lehia horretako egutegia eta pilotalekua zehaztu.

Finalerdiak ekainaren 28an eta 29an jokatuko dira Sopelan eta Barañainen. Finala, azkenik, uztailaren 7an izango da Iruñean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!