ETE liga hasteko estropada bat gelditzen den honetan, Tolosaldea traineruak emaitza polita lortu zuen Ondarroan, atzo. 12 traineruk hartu zuten parte VIII. Antiguako Ama erlojupeko estropadan. Ondarroa, Lapurdi eta Isuntza atzean geratu ziren lehen ziabogan, baina beste bederatzi traineruak 6 segundoren barruan amaitu zuten lehen luzea. Azkarrenak TAK-ekoak izan ziren, 5.29ko denborarekin; Orio bigarrenari hiru segundo atera zizkien. Arraunketa txukun bati esker abiadura bikainean iritsi ziren ziabogara. Maniobra ez zen ona izan, ordea, eta segundo batzuk ihes egin zieten. Bigarren eta azken luzean horiak izan ziren azkarrenak, denboraldi honetan ia seguru indartsuenak eurak izango direla erakutsiz. Tolosaldeak ez zuen behera egin eta helmugan bigarren denborarik onena egitea lortu zuten. Lehiaren ikusgarritasuna lehen bederatzi sailkatuen denborek islatzen dute, 12 segundoren barruan sartu baitziren. Hor ziren, adibidez, Oriorekin batera Euskotren Ligan ariko diren Arraun Lagunak (3.), Donostiarra (7.) eta Hondarribia (8.).
Hurrengo igandean Lekeition izango dira TAK-eko arraunlariak, eta ondoren, ekainaren 15ean, ETE ligari sailkapen estropadekin emango diote hasiera, Pasaiako uretan.
Sailkapena, VIII. Antiguako Ama Estropada
1. Orio 10.48,52
2. Tolosaldea + 3,72
3. Arraun Lagunak + 3,82
4. Hibaika +6,14
5. Deusto + 6,60
6. Zumaia + 7,22
7. Donostiarra + 9,66
8. Hondarribia + 9,97
9. Kaiku + 11,25
10. Ondarroa +33,82
11. Lapurdi + 38,77
12. Isuntza + 42,79