Zegama-Aizkorrin erorikoa izan arren, laugarren

Ataria 2019ko eka. 3a, 11:59

Ane Iturria 1 zenbakiarekin irteeran

Ane Iturria podiumetik postu bakarrera geratu da. Azken bi urteetako junior lasterketako txapeldunak lasterketa bukatzea lortu zuen erorikoa izan arren.

Zegama-Aizkorri mendi maratoia atzo jokatu zen. Eskualdeko korrikalariak bertan ibili ziren, eta emaitzei begiratuta, Ane Iturria eta Hassan Ait Chaou nabarmendu ziren. Tolosarrak junior lasterketa laugarren amaitu zuen. Azken bi urteetan Iturriak irabazi du 16-18 urte artekoen lasterketa, 10,4 kilometroko distantzian. Aurtengoan postu hori Laia Gonfaus kataluniarrak lortu zuen, 57 minutu eta 50 segundoko markarekin. Tolosar gaztearen denbora 1.03.20koa izan zen. Hala eta guztiz ere, tartean erorikoa izan zuen Iturriak eta hori ere kontuan hartzekoa da. 2017an 58.46ko marka lortu zuen tolosarrak; 2018an, 1.00.22koa.

Nagusien gizonezkoen lasterketan Hassan Ait Chaou izan zen eskualdeko azkarrena, 17. postuan. Billabonatarra bigarren euskalduna izan zen helmugan, hamargarren amaitu zuen Ander Iñarraren atzetik. Mendi maratoia amaitzeko 4 ordu 18 minutu eta 23 segundo behar izan zituen Ait Chaouk. Irabazleak, bederatzigarren garaipena lortu duen Kilian Jornet kataluniarrak, 3.52.47ko marka egin zuen. Emakumezkoetan, Sarah Ugarte Tolosan bizi den donostiarrak hamalaugarren postuan bukatu zuen, 5.18.42ko denborarekin. Irabazlea Eli Anne Dvergsdal izan zen, 4.36.06ko denborarekin. Eskualdeko beste hainbat ordezkariren postuak aipatzekotan, Goar Lopetegi ibartarraren 81.ena eta Ibai Madina berrobitarraren 83.a aipatu behar dira.

BEROA, PROTAGONISTA

Denboraldi honetan hainbat proba irabazi dituen Iñaki Olano altzotarrari ez zitzaion nahi bezala atera lasterketa. «Beroa aurreikusten zen, eta pixka bat beldurtuta geunden horrekin», esan du Olanok. «Laugarren kilometrorako hasi nintzen tripak gaizki sentitzen. Eta hori ez zen normala, ez zen beroaren kontua». Zortzigarren kilometroan zerbait jan zuen, baina dena bota zuen, eta gorputzak ez zion ondo onartzen hortik aurrera jaten zuena. Azkenean 5 ordu eta 50 minutu inguru egin zituen mendi maratoia bukatzeko. «Aizkorrin kendu nituen postua eta denbora egitea burutik, eta amaitzea izan zen nire helburua. Azken hamabost kilometroak oinez egin nituen».

Berrehun korrikalari inguruk utzi zuten proba, baina Jon Zubillaga berastegiarra ez zen izan horietako bat. Zegama-Aizkorriko edizio guztiak egin ditu eta aurtengoa zen hemezortzigarrena bukatzea ere lortu zuen. «Ederki kostata izan da aurtengoa», esan du Zubillagak. «Batez ere, Sancti Spiritutik aurrerako bide zati batean dezente sufritu genuen, baina azkenean bukatzea lortu genuen». 7 ordu eta 7 minutu inguru behar izan zituen bukatzeko. «Bost ordu eta erdi inguru ibiltzen naiz, baina aurten denbora joan zitzaion erlojuari».

Beroak bere eragina izango zuela dio Zubillagak, baina hori ez zela arrazoi bakarra ohiko denbora ez egiteko: «Gorputzaldia ez nuen hoberenean. Egun guztiak ez dira berdinak izaten». Lasterketan erretiratzeko asmorik ez zuela izan dio Zubillagak: «Gehiena sufritu dudana orain hiru urte izan zen, eguraldi txarrarekin. Orduan bai pasa zitzaidala burutik erretiratzea. Baina aurten ez; lasaitu, mantsotu eta errekuperatzen saiatu nintzen. Ohartu nintzen sei edo zazpi ordu izango zirela, baina bukatu nahi nuen behintzat». Asmoa du berastegiarrak behintzat 20. parte hartzetara iristearena. «Pasa zitzaidan burutik, lasterketa bukatu eta gero, hemezortzi parte hartzetan uztea, baina badaukat erronka nire buruarekin 20.era iristekoa».

Maratoiaren eta junior lasterketen sailkapenak hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!