Senidetzeak urte luzez iraun dezan

Ataria 2019ko ekainaren 1a

El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearen eta Aiztondo bailararen arteko senidetzeak 26 urte bete ditu aurten. Gaur Villabonan egindako Senidetze Egunean, harreman horrek iraungo duela berretsi dute.

Segundo Montes komunitatearen ordezkari gisa Pedrina Rivera, Walter Alexander Claros eta Esmeralda Flores etorri dira Aiztondora. Gaurkoan, ekitaldi instituzionala egin aurretik, agurra dantzatu diete beraiei eta Aiztondoko udaletako ordezkariei. Ondoren, Villabonako udaletxeko bilkura aretoan, Maite Izagirre alkateak adierazi duenez, "askatasun guztiak unibertsalak diren moduan, giza solidaritateak ere unibertsaltasun ezaugarri hori izan behar du". Bestalde, Segundo Montes komunitatearekin Aiztondo bailarak duen konpromiso solidarioa berresten dutela gaineratu du.

Bere aldetik, Segundo Montes komunitateko kideek eskertu egin dute jasotako solidaritatea, eta "mundu hobe bat" sortzeko nahia azaldu dute. Euskal Fondoa elkarteko kide den Mikel Arrastoak gogora ekarri du 26. urtea dela Segundo Montes komunitatearekin proiektuak lantzen ari zirela, eta espero dutela guztienez beste horrenbeste urtetan jarraitzea. Ekitaldi instituzionala elkarri opariak emanez bukatu da, eta ondoren etorri da herritarrekin b atera egindako ekitaldiak, tartean dantzarien saioa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!