Sortzaileek ikusgarritasun handiagoa merezi dutelako

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ekainaren 1a

Sortzaileek ikusgarritasun h 1 1559407801892
Sortzaileek ikusgarritasun h 2 1559407803375
Sortzaileek ikusgarritasun h 3 1559407804762
Sortzaileek ikusgarritasun h 4 1559407805676
Sortzaileek ikusgarritasun h 5 1559407806406
Sortzaileek ikusgarritasun h 6 1559407808136
Sortzaileek ikusgarritasun h 7 1559407809846
Sortzaileek ikusgarritasun h 8 1559407811519
Sortzaileek ikusgarritasun h 9 1559407813170
Sortzaileek ikusgarritasun h 10 1559407814723
Sortzaileek ikusgarritasun h 11 1559407817122

Sormenetik egitasmoaren barruan, aurtengo lehen gonbidatua eta elkarrizketatua izan da Garbiñe Ubeda ibartarra. Idazle nahiz kazetari bezala izandako bilakaeraz, azken lanez eta euskal idazleen elkarteko lehendakari modura dituen erronkaz aritu da, ordubeteko saioan.

2019ko lehenengo saioa egin du, gaur, Sormenetik egitasmoak, Oria ibaiaren bazterrean, TAK arraun klubak duen gunean. Garbiñe Ubeda kazetari eta idazle ibartarra izan da protagonista eta bere ibilbidearen errepasoa egin du Yurre Ugarteren galderei erantzunez.

Saioan zehar, Ione Gorostarzuren poesia errezitaldia ere izan da, Hodei Yañez biolin jotzailearen musikarekin lagunduta. Behin saioa amaitutako, kontentu zegoen Ubeda. "Oso polita izan da". Bere biografiaren errepasoa egin ondoren, fikzioari buruz aritu dira, bere azken nobela ardatz hartuta. Gertuko gertakari bati buruz aritzerakoan, idazleak nola jokatzen duen azaldu du.

 

Fikzioan errealitateaz aritzea errazagoa baino, eraginkorragoa dela aipatu du hitzaldian zehar. “Gertaera bat kontatzen duzun neurrian, nahigabe ere, berehalako epaia sortzen da. Horrelakoak gara”. Hori dela eta, egia bat fikzionatu zuen bere azken lanean, epai hori automatikoki ez etortzea nahi zuelako. “Liburu bat irakurtzen ari zarenean, testuinguru bat ere irakurtzen ari zara, eta hori kontuan hartuta egingo duzu epaia. Horretarako, askoz eraginkorragoa da fikzioa. Esaterako, Palestinan gertatzen denaren berri izateko, albistegietan esaten denak ez dit balio. Aldiz, nobela bat idatziko balidate, hobeto ulertuko nuke”.

 

2018az geroztik, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria da Ubeda. Horrek zer suposatzen duen azaldu du hitzaldian zehar, eta batez ere, elkarteak dituen erronkez mintzatu da. “Gurea bolondres lana da, eta seguru, erronka ia denak bide erdian geratuko direla. Idazleei ikusgarritasun handiagoa ematea edota hizkuntzen gerra horretatik harago joatea dira erronka nagusienak. Ahal duguna egingo dugu, baina gutxienez, badakigu nondik jo behar dugun”.

 

Euskal idazleen egoeraz galdetuta, kezkatuta azaldu da ibartarra. “Lan handia egiten da irakurzaletasuna sustatzeko, baina zein da arazo nagusia? Bada, idazleen lanek ez dutela ikusgarritasunik. Irakurzaletasuna bultzatzea, beraz, oso zaila da, etengabe beste zerbait ikusten eta beste zerbaitez elikatzen ari garelako. Ezinezkoa da. Ahalegin handietako bat, hezkuntzan egiten da. Ikasleek behartuta irakurtzen dituzte liburuak, baina hori metodorik onena ote denaren zalantzak ditut. Lan jakin batzuk mundu guztiak irakurtzea lortuko dute, baina beharbada, literaturaren aurkako etsaiak ere sortzen ari zara. Literaturak ez luke behartutako eremu bat izan behar. Musikarekin gauza bera gertatzen da, hemengo musikaren ordez, bestelako musika mota bat entzuten dugulako. Azkenean, behin eta berriz entzutearen ondorioz, musika hori gustatzen zaigu”.

 

Sormenetik ekimenak, gonbidatu gehiago izango ditu urtean zehar. Batez ere, euren biografiaz eta testuinguruaz hitz egiteko tartea izango dute. Hala ere, gogoetarako ere zabaltzen dituzte ateak. Gaurkoan, esaterako, Ubedak, sormen lan izugarria dugula azpimarratu du, “guztiok sortzaile garelako, guregain dugulako, haurrak garen unetik. Hori ez dugu gutxietsi behar; pena da, garrantzia biziraupenari ematen diogulako. Gero, ordea, sorkuntza mota bat prestigiatzen dugu, bizitzak beste norabide batetik eramaten zaituelako, edota eskolan ez delako nahi adina lantzen”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!