Ander Urangaren marka izugarria, 200 metroetan

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 31a, 19:59
Ander Uranga, hirugarrena ezkerretik, Gipuzkoako Txapelketako 200 metroko finalean.

Joan den asteburuan, Donostiako miniestadioan, eguraldi traketsarekin, Gipuzkoako absolutu mailako txapelketa egin zuten. Bertara hainbat atleta urdin joan ziren lehiatzera, eta emaitza oso onak izan zituzten, zegoen eguraldirako.

Atleta bat nabarmendu zen, besteen gainetik, egindako markarengatik: Ander Uranga anoetarrak 21,57ko denbora egin zuen, 200 metroetako proba irabaziz. Tolosa CFko marka da, bere aurrekoa 36 ehunenekotan jaitsiz, eta 20 urtez azpiko Europako Txapelketara joateko Espainiako Federazioak eskatzen duen 21,30eko markatik gertu.

«Eguraldi txarra zegoen, pista oso bustita zegoen eta putzuak ere bazeuden pistan», esan du Urangak: «Pentsatzen nuen jaitsiko nuela marka, baina hainbeste ez, kontuan izanik eguraldia, eta asteburuan korritzen nuen laugarren proba zela». Denboraldian zehar izango diren txapelketa eta probetan marka are gehiago jaistea espero du anoetarrak.

Guztira 19 domina lortu zituzten Tolosa CFko atletek: 7 urre, 6 zilar eta 6 brontze. Urreak ondorengoek lortu zituzten: Ander Uranga, 100 eta 200 metroetan; Sergio Roman, 5.000 metroetan; Maddi Perurena, 400 hesietan; Ane Martin, 3.000 metrotan; Maddi Lillo, Laura Biurrun, Ainhoa Gibelalde eta Nora Ituarte, 4x100 metroetan; eta Paula de Juan, Jone Agirrezabala, Ainara Lakuntza eta Maddi Perurena, 4x400 metroetan. Zilarra ondorengoek: Ander Etxeberria, 5.000 metroetan; Javi Iraola, jabalinan; Uxue Sudupe, 400 metro oztopoetan; Lizeta Nngegue, pisuan; Nora Ituarte, 100 metroetan; eta Julen Martin, 110 metro oztopoetan. Brontzeak ondorengoek: Mireia De la Parra, jauzi hirukoitzean, 11,23 metro eginez, eta Tolosa CFren marka ezarriz, eta luzera jauzian; Ander Garin, 5.000 metroetan; Izaro Perurena, 800 metroetan; Lizeta Nnegue, disko jaurtiketan; eta Iraitz Pikabea, 3.000 metro oztopoetan.

Domina eta errekor hauez guztiez aparte, beste emaitza oso aipagarria izan zen miniestadioan. 600 metroko proban, bere taldekide Paula de Juaanek lagundurik, June Sudupek 16 urtez azpiko Gipuzkoako marka egin du, 1.37,13ko denborarekin. Marka horrekin Espainia mailako sailkapenean hirugarren postua lortu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!