Joan-etorriko bidea da senidetzea

Jon Miranda Labaien 2019ko mai. 31a, 19:57

Aiztondo bailararen eta El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearen arteko senidetzea bihar ospatuko dute

El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearen eta Aiztondo bailararen arteko senidetzeak, aurten, 26 urte bete ditu. Urtero, garai honetan, urtemuga ospatzeko festa izaten da, txandaka, bailarako herrietan. Amasa-Villabonan zentratuko dira ospakizunak, bihar, Erdialdeko Amerikako herrialdetik bertaratutako ordezkariei harrera egingo diete udaletxean, aurrena, eta Berdura plazan, ondoren. Herri bazkariarekin biribilduko dute festa.

1993an, El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin senidetzea erabaki zuen Zizurkilek. Gerora, egitasmoarekin bat egin zuten Aiztondoko gainerako udalerriek: Amasa-Villabonak, Asteasuk, Adunak eta Larraulek. Morazan departamenduan, Meanguera eta Jocoaitique udalerrietan dago banatuta komunitatea, eta UCAko unibertsitatean 1989an erail zuten Segundo Montes jesuita gogoan hartuta jarri zioten izena. Erailketa gertatu zenean erabaki zuten, gerratik ihesi, Honduras hegoaldean errefuxiatuta zeuden herritarrek, Morazan departamendura itzultzea.

Mikel Arrastoa Zizurkilgo alkatea zen 1993an, eta orduan ezagutu zuen El Salvadorreko egoera: «Erbestetik itzuli berriak, momentu hartan behar gehien beraiek zutela ikusi genuen. Musika talde bat ezagutu genuen hara egindako bidaian, eta Euskal Herrira etortzera gonbidatu genituen. Hor abiatu zen senidetzea». Euskal Fondoko lehendakariorde da Arrastoa, eta urte hauetan guztietan, kooperazioari esker Segundo Montes komunitatean egindako lanak zerrendatu ditu. «Bidean ikasi egiten da. Hasieran, gure hemengo ikuspegiarekin joan ginen, etxebizitza altu eta handiak egitera. Haien beharrak bestelakok zirela konturatu ginen, ordea. Gero ur eta saneamendu sareak osatzen lagundu genuen, pixkana».

Bestelako proiektuak

Egunotan Aiztondo bailaran da Walter Alexander Claros. Jocoaitiqueko Udalean (Morazan, El Salvador) egiten du lan, kooperazio arloan. «Ur edangarria eskuratzeko herritarren beharra %80an estaltzeko aukera izan dugu, besteak beste, Euskal Fondotik jasotako laguntzari esker». Elkartasunari esker garatutako proiektuen berri ematera bertaratu da Claros, Euskal Herrira, baina baita bestelako esperientziak ezagutzera ere. «El Salvadorren arazo handia dugu biolentziarekin, eta gazteekin lan egin beharra dago, kultura, aisialdi eta lanbide heziketa arloetan, adibidez. Ezinbestekoa da gai horietan sakontzea, gizarte baketsuago bat lortzeko eta bizikidetza ziurtatzeko».

Segundo Montes komunitatean bezala, beste hainbat zonaldetan ere gauzatu dira proiektuak, Euskal Fondoaren bitartez; Suchitoton (Cuscatlán, El Salvador) adibidez. Bertako alkatea da Pedrina Rivera eta, bere esanetan, garapena ez da bakarrik azpiegiturak sortzea, «formazio prozesuek ere garrantzi handia dute». Genero ikuspegitik udal politika aitzindariak garatzeko, Euskal Herritik laguntza jaso dute Suchitoton: «Gure herrialdean kultura matxista oso errotuta dago. Sentsibilizazio kanpainak jarri izan ditugu martxan eta, ondorioz, emakumeek jarritako salaketak ugaritu egin dira. Horri erantzun ahal izateko, Unimujer izeneko espazioa sortu dugu, non azpiegitura fisikoaz gain, biolentzia matxista jaso duten emakumeak artatzeko lan talde profesionala dabilen. Bertan babestuta sentitzen dira emakume erasotuak».

Ur edangarri eta saneamendu sarea %100ean osatuta dute Suchitoton, eta proiektu horiek lantzerakoan genero ikuspegia txertatu izan dutela dio Riverak: «Etxeko lanen karga murriztea lortu dugu, emakumeen bizi kalitatea hobetuz. Ur edangarria ez dagoen tokietan, kilometro bat egin behar izaten dute, oinez ura ekartzeko eta, lan horiek, beti, emakumeek egiten dituzte».

Egunotan, Claros eta Rivera, Suchitototik etorritako Esmeralda Flores gaztearekin batera, Aiztondo hainbat proiektu ezagutzen ari dira. «Oso eskertuta gaude. Asko egin da, baina asko dago egiteko. Konpromiso handia dugu bi lurraldeok elkartasun hau iraunkorra izan dadin», esan dute.

SENIDETZE ASTEA

EKAINAK 1, LARUNBATA

12:00. Harrera instituzionala Amasa-Villabonako udaletxean

13:00. Herritarren ongietorria Berdura plazan.

14:00. Herri bazkaria Berdura plazan.

EKAINAK 3, ASTELEHENA

19:00. Pedrina Rivera Suchitotoko alkateak Aiztondoko bailarak duen senidetzearen ondorioz, diruz lagunduko duen hurrengo urteetako proiektu posibleak aurkeztuko ditu Plazida Otañoko balio anitzeko gelan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!