"Koltza-turtoa gure behiak elikatzeko aukera bat da"

Irati Saizar Artola 2019ko mai. 30a, 11:59

CAF-Elhuyar sarietan lehen sektorearen inguruko NEIKER sari berezia jaso du Izaro Zubiria albaitariak (Gaztelu, 1989). 'Esnea ekoizteko, bertako ala kanpoko proteinak erabili?' ikerketa lanagatik saritu dute.

Esnetarako behiek jaten dituzten proteinek, inportatuek edo bertakoek, ekoiztutako esnean eraginik ba ote duen aztertu du Lizartzan bizi den gazteluarrak. Koltza-turtoaz elikatutako bertako behien esnearen kalitatea mantendu edota igo egiten dela baieztatu du, inportatutako proteinez elikatzen diren behien esnearekin alderatuta.

Zer aztertu duzu lan horretan?

Esnea ekoizten duten behien elikaduraren inguruko lana da, bertako edo kanpoko proteina, zein den egokiagoa aztertu dut. Azken batean, behi hauek nutrizio behar altuak dituzte, eta batez ere, proteina da esnearen ekoizpenean eragin gehien duena. Gaur egun, proteina iturri nagusi hori soja da eta horren ekoizpena eta merkatua Estatu Batuen esku dago, nagusiki.

Hor hasten da arazoa?

Bai. Izan ere, prezioak altuak dira eta gora behera handiak izaten dituzte. Aldaketa horiek eragin zuzena daukate gure baserritarrengan. Gainera, ekoizten duten soja gehiena transgenikoa da, eta gaur egun, kontsumitzaileak geroz eta arduratuagoak daude gai horren inguruan.

Horren aurrean, bertako proteinak erabiltzea da zure proposamena?

Bai, hala da. Guk gehien aztertu dugun lehengaia koltza-turtoa da, hotzean prentsatutakoa.

Zer da zehazki koltza-turtoa?

Oleaginoso mota bat da, grasa asko duena eta proteinetan aberatsa dena. Euskal Herriko baldintzetara oso ondo egokitzen den labore bat da. Beraz, proposatzen duguna da, hazi hori jaso eta hotzean prentsatzea. Tratamendu termikorik jasaten ez duenez, kalitatea ere altuagoa da. Horrela, alde batetik, olioa edukiko genuke, bioerregai modura erabiltzeko, bai traktoreetarako edota galdara berotzeko, eta bestetik, turtoa, animalien elikadurarako erabil daitekeena.

Nola frogatu duzu hori?

Fraisoro eskolako behien ustiategian egin genituen frogak. Esnetarako hamasei behi erabili genituen: suitzar arrazako hamar eta Holstein arrazako sei. Horiek, pentsu ezberdinekin elikatu genituen. Frogatu genuen zein ondorio zituen esnearen ekoizpenean, kalitatean eta kontsumitzailearen hitzetan. Bada, esnearen ekoizpena mantendu egin zen, eta kalitatean ere aldaketak izan ziren, izan ere, gantz azido asegabe gehiago ditu turtoarekin elikatutako behiaren esneak, eta kontsumitzailearentzat osasungarriagoa da. Azkenik, kontsumitzailearen iritzia ikusi genuen. Leartiker zentroan dastatze bat egin genuen adin desberdineko entrenatu gabeko 60 kontsumitzailerekin. Dastatzaile horiek, koltzarekin eta pentsu konbentzionalarekin elikatutako behien esnea desberdintzeko gai izan ziren, eta zapore aldetik, ez zuten desberdintasun nabarmenik aurkitu.

Beraz, ondoriozta daiteke bertako elikagaiekin elikatutako behien esnea hobea izan daitekeela?

Bai, bertako elikagaiak aukera bat da gure behiak elikatzeko eta, gainera, ekoizpena mantendu eta produktuaren kalitatea mantendu edota igo egiten da.

Ekonomikoki eta kalitatean onurak ditu soilik, orduan.

Kalitate aldetik, gehienbat kontsumitzaileari begirako behar bat da. Kontsumitzailea geroz eta zorrotzagoa da eta elikagai osasuntsuagoak eskatzen ditu, eta ekoizleari begira, gehien eragiten dion faktorea esnearen prezioa da; gure baserritarrak, azken batean, hortik bizi dira. Esnearen prezioa ozta-oztakoa da, eta ez daukate mozkin-marjina handirik, eta elikadurak gastuen %60a suposatzen diete.

Baduzu, beraz, irtenbidea.

Behien elikaduran aldaketa edo hobekuntza txiki bat egiteak, baserritarrentzat eragin positiboa izango du, bai.

Behin irtenbidea izanda, nola hasi errealitatea aldatzen?

Poliki-poliki. Gaur egun dauden ekoizpen mota gehienak nahiko intentsiboak dira eta horietan zailagoa da; baina ustiategi txikietan eta jende gaztearekin errazagoa izan daiteke.

Erosten duenak ere izango du erantzukizunik.

Kontsumitzaileok galdu egin dugu bertakoa erosteko kultura. Erosten duenari esatea gehiago ordaindu beharko duela esne litroa bertakoa delako, ondoan 0,50 euro kostako zaion esnea duenean... Bada, hor beste lanketa bat dago.

Koltza landarea eta koltza-turtoa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!