Eskolako Agenda 21eko proposamenak udaletan aurkeztu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 30a, 10:30

Hamar udalerritan banatutako 21 ikastetxe izan dira buru-belarri lanean aritu direnak; guztira 7.900 ikaslek parte hartu dute.

Tolosako Ingurumen Zentroak (TIZ) koordinatzen duen egitasmo honen bitartez, garapen jasangarriarekiko konpromisoak ikastetxeetara hurbiltzea lortu da. Hezkuntza-programa honek aukera ematen du ikuspegi lokala garatzeko eta hezkuntza-komunitateak hiri-bizimoduan parte hartzea laguntzeko.


Hori oinarri, aurten 21 ikastetxe izan dira buru-belarri lanean aritu direna eskualde osoan zehar. Horien artean maila eta adin desberdinetako ikasleak batzen dituzte, haur hezkuntzatik hasita batxiler eta lanbide heziketa arte. Guztira, 7900 ikaslek hartu dute parte ondorengo herrietatik: Aduna, Alegia, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Ibarra, Irura, Tolosa, Villabona eta Zizrukil.


Urtero, ingurumenarekin erlazionaturiko gai bat aukeratzen da: mugikortasuna, energia, ekitate gabezia, hondakinak, elikadura, ura, klima aldaketa edota biodibertsitatea izan dira, besteak beste, proiektu honen barruan landu izan diren gaiak; aurten, lurzorua izan dute hizpide. Irakasleen, ikastetxeetako gainerako langileen, Udaleko arlo ezberdinetako teknikarien, gurasoen eta herritarren  inplikazioa eta laguntza jaso dute ikasleek urteko lanketan.


Gaira hurbiltzeko eta lantzeko jarduera desberdinak jorratu dituzte ikasleek. Lehenik eta behin, beraien ikastetxearen egoera aztertu dute, bertatik ateratako ondorioak abiapuntutzat hartuz, ikastetxeetako ekintza-planak definitzeko. Ondoren, herrien egoera aztertzeko asmoz, kale-ikerketak egin dituzte. Horrela, ikastetxeek lurzoruari dagokionez hartutako konpromisoak eta udalei zuzendutako proposamenak ateraz.


Proposamen hauek aurkezteko, Eskolako Agenda 21aren Udal Foroak ospatu dira: ikastetxe desberdinetako ikasleen ordezkariak udaletako ordezkariekin batu dira, Tolosaldea jasangarriago bat lortzeko eman daitezken pausoak eta har daitezken neurriak adosteko. Honako egun hauetan egin dira foroak:


Ikasleek udalei egindako proposamenak mota askotakoak izan dira, baita eurek hartutako konpromisoak ere, hala nola, landareak, belardiak eta zuhaitzak zaintzea; zakarrik ez botatzea; zabor gutxiago sortzea plastikoaren erabilpena murriztuz; hondakinak ondo sailkatzea; elikagai naturalak kontsumitzea prozesatuen ordez; eta eskoletan erabiltzen ez dituzten eremu berdeak berreskuratu eta erabiltzea.


Udal ordezkarien aldetik, asko eskertu dute herritar gazteenek egindako keinua, batez ere, hauek  natura babesteko erakutsi  duten inplikazio eta kontzientzia mailagatik. Ikasleek euren ikuspuntu propioa erakutsi dute, askotan imajinazioz betea, udalak kontuan hartzen ez dituen edo konturatzen ez den puntuak ikusten dituztelarik. Orain udalei tokatzen  zaie EA21eko proiektuaren testuinguruan jasotako proposamenak aztertzea, bete ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!