Tolosa CF Hirugarren Mailara; Lauburu ez da igoera fasean egongo

Ataria 2019ko maiatzaren 25a

Maila gorengo bi talderentzat egun erabakigarria zen gaurkoa. Tolosa CF-k mailaz igotzeko helburua lortu du etxean Añorgari 3-0 irabazi ondoren. Ibartarrek etxeko lanak egin arren, Alzirak ez du hutsik egin Laskorainen aurka.

Futbolean eta areto futbolean larunbat garrantzitsua izan da gaurkoa. Liga amaierako partidak jokatzen ziren Berazubin, Belabietan eta Usabalen. Hiru talde eta bi igoera postu jokoan. Saria Tolosa CF-k eraman du: Hirugarren Mailarako igoera. Horretarako etxean irabazi behar zuten urdinek. Hori ez zen nahikoa, ordea, Anaitasunak liderraren aurka galdu beharra zeukan. Bi emaitza horiek eman dira. Tolosa CF-k 3-0 irabazi dio Añorgari Berazubin, eta Anaitasunak Eibarren aurka 3-0 galdu du. Sailkapenean Tolosa CF-k bigarren amaitu du denboraldia. Eibar izan da txapeldun baina igoerarik gabe geratuko dira eibartarrak harrobiko taldea izaki. Tolosa CF, beraz, zuzenean Hirugarren Mailako taldea da.

Areto futbolean, Lauburu KE Ibarra zen igoera lortzeko aukera zuena. Ibartarrek irabaziz gero, eta liderrak galduta, Lauburu igoera faserako sailkatuko zen. Bigarren B Mailan jarraitu beharko dute, ordea, ibartarrek. Etxean euren partida 5-4 irabazi dute, baina Alzira berean 1-4 nagusitu da. Liderrak Usabalen jokatu du ligako azken partida hori, Laskorainen aurka. Sailkapen nagusian, saririk gabeko bigarren postuan geratu da Lauburu KE Ibarra. Laskorainek hamaikagarren egin du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!