Elkar zoriontzeko garaia dela esan du TOPA-k, baina baita "erne" jarraitzekoa ere

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 25a, 17:07

Tolosako Trianguloa plazan elkarretaratzea egin du TOPA-k; "erne" egotea eskatu dute, eta politikoei, elkarrekin lan egin eta "justiziaz tokatzen zaiguna eska dezatela".

Eguerdian TOPA-k elkarretaratzea egin du Tolosako Trianguloa plazan. Bertan biltzen jarraituko dutela iragarri dute. Hurrengo hitzordua, bi aste barru izango da. Gaurko mobilizazioan ondorengo idatzia irakurri dute:

"Zergatik bildu garen gaur hemen eta zergatik jarraituko dugun aldian-aldian hemen elkartzen: Kolektibo bat garen aldetik, denok elkar zoriontzeko, horretarako arrazoiak baditugu eta.

Elkartu gara elkarri eskertzeko larunbat hauetan gutako bakoitzak jarri duen aletxoa Tolosaldeko arazo larri hau konpontzeko: kalitate eskaseko osasun arreta jasotzen dugu.

Elkartu gara, aldarrikatzeko beste behin ere garbi geratzen dela seguruenik ere bizi kalitate txarra izango duela protestatzen ez duenak, bertan goxo geratzen denak, injustiziaren aurrean altxatzen ez denak.

Elkartu gara, 8 urte hauetan denetik esan digutela salatzeko: gezurti deitu gaituzte, manipulatzaile, insolidario, utopiko, pelma, behin eta berriro gaiari heltzeagatik eta presioen aurrean amore ez emateagatik. Orain, hauteskundeetarako egun eskas geratzen dela -zergatik ote?- onartu beste erremediorik ez dute izan egia esaten genuela eta egia esaten jarraitzen dugula, eta eskualde honek gainerako eskualdeen kalitate bereko osasun arreta behar duela, eskualde ospitale publiko bat behar duela, kudeaketa publikoa izango duena, gainerako eskualdeetan aspalditik dagoen bezalaxe.

Horregatik, exijitzen dugu ordaindu dezatela, behingoz, Tolosaldeari zor diotena, ordaindu dezatela 35 urte hauetan pilatu den zorra, ordaindu dezatela, batere ekitatiboa ez den hitzarmen bidegabe hori medio, urtez urte gero eta handiagoa den zor hori.

Jarraitu dezagun gure ordezkari politikoei exijitzen egin dezatela lan elkarrekin, norabide berean, eta eskatu dezatela justiziaz tokatzen zaiguna, afektatuak denok gara eta, ideologia batekoak zein bestekoak izan.

Erne egon behar dugu, proposamen berri hau batere garbia ez delako. Horregatik, hauteskundeak batek edo besteak irabazi, dei egiten dizuegu hemendik bi astera berriro ere hemen elkartzeko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!