Eskualdeko gimnastak, Gipuzkoako Txapelketan

Ataria 2019ko maiatzaren 24a

Tolosako klubeko gimnastak Gipuzkoako txapelketan.

Igandean, Azpeitian, amateur talde eta bakarkako gimnasten Gipuzkoako Txapelketa izan zen jokoan, eta Tolosako zein Ibarrako Belabieta klubetako gimnastak bertan izan ziren.

Belabieta klubeko gimnastak, Gipuzkoako Txapelketan.

Tolosako klubeko gimnastei dagokienez, jubenil taldea mazoekin txapeldunorde izan zen. Bakarkaka, Oihane Urainek zilarrezko domina lortu zuen xingolarekin, eta Nahia Odriozola bigarren izan zen sailkapen orokorrean, xingolarekin txapeldun, eta pilotarekin bigarren.

Bestalde, I kadetea eta R kadetea txapeldun eta txapeldunorde izan ziren, hurrenez hurren. Seniorrek ere, pilota eta mazoekin urrezko domina jantzi zuten. Olaia Etxeberriak senior plus mailan parte hartu zuen, eta mazoekin, uztaiarekin eta sailkapen orokorrean garaile izan zen.

Belabietako klubari dagokionez, Jubenil A eta Kadete K1 taldeek 8. postua lortu zuten, eta K2 taldeak 16.a. Kadete A mailan, Inko Oruesagasti 6. sailkatu zen eta, kadete B mailan, Olaia Garziarenak, mazoekin, 3. postua lortu zuen eta orokorrean 7. sailkatu zen, eta Olaia Plazasek 9. postuan bukatu zuen txapelketa.

Datorren asteburuan Euskadiko Txapelketa izango da Durangon, eta bertan parte hartuko dute bi klubetako gimnastek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!