Final-laurdenetan sartuko dira, gomazko paletako Herriartekoan

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 24a, 15:57
Gomazko paleta modalitatean parte harzten ari den Tolosako taldea.

Herriarteko Pilota Txapelketako jardunaldi berri bat izango da asteburuan. Aurreko asteburuko emaitzei begiratuta, eskuz, joaneko norgehiagokan, Tolosa eta Bidania-Goiatzen arteko kanporaketatik erretiratu egin da Bidania-Goiatz, pilotarietako batek min hartu baitzuen, partida baino egun bat lehenago, eta ez zuten ordezkorik. Beraz, Tolosak egingo du aurrera.

Asteasuk Zestoaren aurka 2-1 galdu zuen. Kadeteek 22-12, eta jubenilek 22-7 galdu zuten, eta nagusiek 14-22 irabazi. Adunak ere 1-2 galdu zuen Hernaniren aurka. Kadeteetan 15-22 eta nagusietan 5-22 galdu zuten, eta jubeniletan 22-20 gailendu ziren. Altzok hiru partidak irabazi zizkion Oñatiri: kadeteetan 22-12, jubeniletan 22-13 eta nagusietan 22-11.

Gomazko paletan aurrera egin dute eskualdeko bi parte hartzaileek, Anoetak eta Tolosak. Anoetak Azpeitiaren aurka irabazi du kanporaketa, partidei dagokienez 5-1 irabaziz. Tolosak 4-2 irabazi dio Elgoibarri.

Datorren asteburuari begiratuz, gomazko paletan final-laurdenak hasiko dituzte. Anoetak Azkoitiaren aurka jokatuko du, eta joaneko neurketak gaur izango dira, Anoetan, 20:45ean. Bere aldetik, Tolosak Irunen aurka jokatuko du, eta joaneko partidak etxean izango dira, Beotibar frontoian, bihar, 18:30ean hasita.

Eskuzko modalitateari dagokionez, itzulerako partidak dituzte asteburuan. Gaur Adunak eta Hernanik jokatuko dute, Hernanin, 19:30ean hasita, udal frontoian. Ordu berean, Asteasukoek Zestoako pilotarien aurka jokatuko dute etxean, Usarrabi frontoian. Bihar Altzoren txanda izango da, eta Oñatiko Zubikoa frontoian jokatuko dute, 17:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!