[BABESTUTAKO EDUKIA] 'Makina Bat Taupada' Errenterian

Euskal Eskola Publikoa 2019ko mai. 26a, 08:58

Datorren ekainaren 2an ospatuko dute, Errenterian, Euskal Eskola Publikoaren jaia, eta dagoeneko iragarri dituzte festa eguna hartuko duten jarduerak eta hitzorduak; sei gunetan banatuta, adin guztien neurrira diseinatutako egitaraua prestatu dute.

Ekainaren 2an Errenterian ospatuko dugu Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaia. Egitaraua sei gunetan antolatuta egongo da, eta hamaika jardueraz gozatzeko aukera paregabea izango da. Koldo Mitxelena, Gamon Zumardia, Gernika plaza, Herriko plaza, Foru plaza eta Ondartxo izango dira sei guneak.

Ekainaren 1ean hainbat ekintza burutuko dira Errenterian, jaiari harrera emateko. Gamon Zumardia gunean, familian jolasteko aukera izango da, 16:00retatik aurrera. Herriko plazatik, Errenteriaren historia industriala ezagutzeko, Sirena hotsen atzetik izeneko bisita gidatu bat egingo dugu, 16:00etatik 17:30era. 19:00etan Nerabe taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango da.

Koldo Mitxelena eskola izango da Euskal Eskola Publikoaren 28. jaiaren lehenengo gunea; atsedenerako leku aproposa, behin irekiera ekitaldia amaituta. 15:00etatik aurrera, Juneren Hegoak, Mindara eta Begisare elkarteek tailerrak eskainiko dituzte. Gamon Zumardia izango da jaiaren bigarren gunea. 12:00etan Pirritx, Porrotx eta Marimotots igoko dira oholtzara Musua ikuskizunarekin. 11:00etatik aurrera, berriz, Baloreak proiektuaren egitasmo interaktibo batean parte hartzeko aukera egongo da. Arratsaldean musika izango da protagonista, Demode Quarteten ikuskizunarekin eta Nogen taldearen kontzertuarekin. Kiosko gunean Eroski gunea egongo da, Elikadura Eskolako programarekin eta, Euskaltel gunean, inbasio estralurtarra gertutik ikusteko aukera izango da, errealitate birtualeko betaurrekoak erabiliz. Horrez gain, janari txartelak erosteko eta bazkaltzeko aukera ere izango da, kioskoaren inguruan.

Gernika Plaza izango da jaiaren hirugarren gunea eta, bertan, 11:00etatik aurrera, puzgarriak egongo dira; baita PAI Antzerki eta Kale Animazio konpainiaren jolas kooperatiboak ere. Laugarren gunea, Herriko plaza, kontzertuen gunea izango da. Bertan Errenteriako Musika Eskola arituko da, Ene Kantak ikuskizuna eta Izaki Gardenak taldearen kontzertua. Foru Plazan egongo da jaiaren bosgarren gunea. Apaxi ipuin kontalaria (zeinu hizkuntzan eskainiko da) eta tailerrak egingo dituzte bertan: umeak garraiatzeko zapiak, henna eta perkusio tailerra, hain zuzen ere. Gune honetan Roberto Whitek txotxongilo ikuskizuna ere eskainiko digu.

Ondartxo gazte gunea izango da (alkoholik gabeko gunea, hain zuzen ere). Ergometroak frogatzeko aukera izango da, skate erakusketa eta tailerra; DJ Txurruk eta Asier Burguetek musika pintxatuko dute, eta dantza urbanoa egongo da. Horrez gain, Aneguria arituko da abesten eta musika pintxatzen, eta arraun ikastaroa izango da, Hibaika Arraun Elkartearen eskutik. Egunean zehar graffiti erakustaldia, skate zirkuitoa, erakusketak eta kale animazioa izango dira.

Gainera, giroa berotzeko hainbat jarduera ibiltari izango dira, Errenteriako kaleetan zehar: EH 11 kolore, Euskorleans, Rockalean, EMKE banda, Reperkusion Feminista, trikitilariak, txistulariak eta dantzariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!