Amanda Spratt garaile, Amasako helmugan

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 23a, 20:16

Adunan hasi eta Amasan bukatu da Emakumeen Birako bigarren etapa. Amasako igoeraren hasierara txirrindulari multzo zabals iritsi da, eta azkenean hiruren artean erabaki da irabazlea. Spratten ondoren helmugaratu dira Soraya Paladin eta Margarita Victoria Garcia Cañellas, denbora berdinarekin.

Ane Santesteban errenteriarra lehen euskalduna da sailkapenean. "Pentsatzen nuena baino gogorragoa izan da etapa. Liburua begiratuta ikusten zen gorabehera zela dena, baina azkenean oso gogorra egiten da, ez dago metro bat laua. Sufritzen egon gara, baina eguna pasa dugu", esan du Santestebanek. "Nahiago nuen aurrerago iritsi, baina arazo bat izan dut bukaeran, eta atzean sartu naiz kilometro bat falta zela, azken igoeran, eta ezin izan dut aurrera joan. Bihar beste aukera bat izango dugu". Etapa Gipuzkoan izatea "oso polita" dela dio. "Etxetik gertu aritu gara, eta horrek motibazio handia ematen dit niri".

Ander Altuna zizurkildarra aritu da gaurko etaparen antolatzaile lanetan, eta lasterketa ondo joan dela azaldu du. "Hamaseigarren urtea da Aiztondo bailaran emakumeen txirrindulari lasterketa antolatzen dugula. Pixkana eta urtero hobetzen saiatzen gara, eta aurten munduko txirrindulari onenak ekartzeko aukera izan dugu, eta hori nabarmentzekoa da", esan du Altunak. "UCI zerrendan dauden talde onenak ekartzea, eta Amasako helmugan hainbeste jende izatea emakumeen lasterketa batean, gozatua da, egia esan". Ibilbidearekin hasieran beldur pixka bat zegoen zenbait txirrindularien artean, Alkiza jaisterakoan tropela oso sakabanatuta egongo zelakoan. "Alkiza jaitsi ondoren berriz tropela elkartu egin da, eta nik uste dut ibilbidea polita izan dela. Amasako aldapa hasi aurretik 30-40 txirrindulari inguruko tropela zegoen. Gero aldapak bakoitza bere lekuan jarri du, baina talde handi bat hasi da batera igotzen", zehaztu du Altunak.

Adunan izan da etaparen hasieran, eta bertan, zinta mozketan, Josu Amilibia alkateak, Jone Olasagasti alkateordeak eta  Ander Altunak berak parte hartu dute. Amasako sari banaketan Aiztondo bailarako lau herritako alkateak izan dira: Amasa-Villabonako Maite Izagirre, Adunako Josu Amilibia, Asteasuko Pili Legarra eta Zizurkilgo Joxe Mari Luengo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!