Apeaderoaren inguruko azalpenak eskatu dituzte

Ataria 2019ko maiatzaren 24a

Alegiako trenbide berrituaren egoera, ispiluarekin.

Eguzki taldeak Tolosako tren geltokian gabezia ugari atzeman dituela jakinarazi die alderdiei, hauteskunde atarian.

Hauteskunde kanpaina amaitzeko oso gutxi geratzen denean, Eguzki taldeak Tolosako apeaderoaren erabiltzaileek pairatzen dituzten arriskuen eta irisgarritasun gabezien inguruko proposamenik jaso ez izanaren «zoritxarra» azaldu du. «Nasaren eta trenaren arteko aldea 50 zentimetrokoa da. Oso arriskutsua da igotzea eta jaistea. Hori, ordea, ez da arazo bakarra, nasetara iristeko ere 24 eskailera-maila igo edo jaitsi behar direlako».

Egoera hori salatzen eta igogailuak jar ditzatela eskatzen jarraitzen dute. Izan ere, 2014an, arazoak konpontzeko proiektu bat onartu bazen ere, ez zen gauzatu. «Egunero mila pertsonak erabiltzen dute eta, Gipuzkoan gehien erabiltzen diren geltokien artean, seigarrena da. Hori dela eta, udalari neurriak hartzeko eskatzen diogu».

Alegian ere neurriak hartzen

Alegian, berriz, urteetan herritarrek eta udalak tren geltokiko segurtasuna hobetzeko egindako eskaerek lehen erantzuna jaso dute. Erabateko segurtasuna bermatzeko bidean oraindik ere lan asko dagoen arren, trenbidea gurutzatzea seguruago egiten duten neurri txiki batzuk hartu dira.

Erabiltzaileentzat trenbidea gurutzatzea errazteko ispilu bat ezarri da eta horrekin batera, pasabidean zain egoteko eremu bat ere margotu da lurrean, isipilua ikusteko kokalekurik onena zein den zehaztuz. Alegiako Udalak trenbideko eremuaren segurtasun osoa bermatuko duten neurri guztiak hartu bitartean lanean jarraitzeko konpromisoa berresten du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!