Ibarran eta Tolosan erabakiko da sailkapeneko lehen postua

Imanol Garcia Landa 2019ko mai. 22a, 15:59

Lauburu Ibarra liga irabazteko aukerekin iritsi da azken jardunaldira; bere partida irabazi eta Laskorainen laguntza behar du horretarako.

Behin Koparako sailkapena lortuta, beste helburu bati heldu dio Lauburu Ibarrak. Bere partida irabazi zuen La Union Calatayud taldearen aurka, 2-7, eta Alzira liderrak bere partida berdindu zuen. Horrek esan nahi du azken jardunaldiaren faltan, lehen postutik bi puntura dagoela Lauburu, eta postu horretan amaituz gero, bigarren mailara igotzeko fasea jokatuko dutela. Larunbatean, 18:00etan, Zierbenaren aurka jokatuko du etxean, Belabietako kiroldegian. Liderrak, ordu berean, Tolosako Laskorain taldearen aurka jokatuko du Usabal kiroldegian. Lauburuk nahitaez irabazi beharra du lehen postu hori lortu eta igoera fasea jokatzeko. Hortik aurrera, Alzirak ez badu irabazten, hau da, berdindu edo galdu egiten badu, Lauburu izango da ligako irabazlea.

Aitzol Oiarbide Lauburu Ibarrako kapitainak azaldu duenez, «Zierbenaren aurkako partida gogorra izango da. Beraiek ez dute ezer jokoan, baina eskarmentua duten taldea dira eta ez dut uste arratsalde pasa etorriko direnik». Oiarbidek deialdia egin du zaleei larunbatean Belabietara joateko: «Taldeak ibilbide polita darama denboraldi honetan. Kopakoa jokatzeko aukera izan genuen, eta jendeak oso erantzun ona eman zuen, eta espero dut oraingo honetan, jakinda zer garrantzi duen, zaleak Belabietara etortzea animatzera, taldeari laguntza ematera».

La Union Calatayuden aurkako partidari dagokionez, ibartarrek bazekiten hiru puntuak atera behar zituztela lehen postua lortzeko aukera horiek izateko. «Beraiek dagoeneko jaitsita daude, eta beldurra genuen beraiek presiorik gabe eta gu presioarekin, aukerak izango ote zituzten guri irabazteko», esan du Oiarbidek. «Baina gu oso serio hasi ginen, markagailuan aurre hartu genuen eta beti egon ginen aurretik eta kontrolatzen. Une batean atera zuten atezain jokalaria, baina ondo defendatu genuen eta azkenean hiru puntuak eskuratu genituen».

KADETEAK, TXAPELDUN

Lauburu Ibarrako kadeteek Euskadiko Kopa irabazi zuten asteburuan, eta orain Espainiako txapelketaren aurre fasea jokatzeko aukera izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!