Emakumeen Biraren bigarren etapa, eskualdean

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 22a, 11:58

Txirrindulari onenak elkartuko dira bihar eskualdeko errepideetatik. Emakumeen Bira gaur hasiko da eta bigarren etapa, biharkoa, osorik Tolosaldean egingo dute.

20 talde profesional ariko dira parte hartzen eta bakoitzetik sei txirrindulari ariko dira lehian. Ondorengoak dira taldeak: Ale, Bepink, Biehler, Bigla, Bizkaia-Durango, Boels, BTC City Ljubljana, Canyon, Eneicat, FDJ, Health Mate, Massi, Mitchelton, Movistar, Servetto, Sopela, Virtu, Trek, Valcar eta WNT. Horietan ez da eskualdeko txirrindularirik izango.

Emakumeen Bira munduan ospe gehienetarikoa duen proba da, eta Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren Women's WorldTour mailaren barruan dago. Lehenengo etapa, gaurkoa, Iurretan hasi eta bertan bukatuko da, eta 118 kilometro ditu. Bigarren etapa Adunan hasi eta Amasan bukatuko da, eta 112 kilometro ditu. Hirugarrena Ametzaga de Zuian hasi eta Santa Teodosian bukatuko da, eta 100 kilometro ditu. Laugarren eta azken etapa Oñatin hasi eta bukatuko da.

Eskualdean egingo den etapa 15:00etan hasiko da Adunatik eta ibilbidean bi mendate izango ditu: Altzo, hirugarren mailakoa, eta Alkiza, hirugarren mailakoa ere. Altzo Muinora 22,4 kilometroan iritsiko dira, eta 2,4 kilometroko igoera du eta %6,1eko malda. Bataz besteko malda bera du Alkizara iristeko igo behar dutena, eta bidea, berriz, 4,4 kilometrokoa. 36,3 kilometroan iritsiko dira Alkizara. Ez dirudi erabakigarriak izango direnik bi mendateak, baina ziurrenik etapa apurtzeko balio dezakete. Aduna eta Amasa bitartean eskualdeko hainbat herritatik pasako dira txirrindulariak: Zizurkil, Villabona, Tolosa, Altzo, Tolosa, Anoeta, Alkiza, eta ondoren lau itzuli emango dizkiote Asteasu, Zizurkil, Aduna eta Villabona zeharkatuz. Bosgarrenean ez dira pasako Adunatik eta Villabonatik igaro ondoren Amasara igoko dira, helmugara iristeko. Beraz, ibilbide gorabeheratsua izango dute txirrindulariek eskualdean egingo duten biharko etapan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!