Eskualdeko gimnastak puntaren puntan

Ataria 2019ko mai. 21a, 11:59

Tolosa CF, Belabieta eta hainbat eskolatako haur eta gaztetxoek podiuma zapaltzea lortu dute.

Gimnastika erritmikoan eskualdeko haur eta gaztetxo ugarik Gipuzkoako Txapelketak jokatu dituzte. Tolosa CF, Belabieta eta eskolak ordezkatuz aritu dira lehian, eta emaitza ikusgarriak ekarri dituzte eskualdera.

Tolosa CF-ekoei dagokienez, goizean B mailako eskolarrak primeran defendatu zuten denboraldi itxiera. Alebin mailan zein infantil mailan, lehen hiru postuak klubarentzat eraman zituzten.

Alebinetan Lizeo Alkartasuna izan zen garaile eta, jarraian, Samaniego eta Herrikide. Laskoraingo neskak bosgarren izan ziren. Bakarka Ibai Lekuek eraman zuen txapelketa. Esku hutsik, sokarekin eta sailkapen orokorrean, urrezko domina jantzi zituen. Infantiletan, berdin izan zen. Tolosa M txapeldun, Tolosa P txapeldunorde eta brontzea Tolosa X-entzat. Ordizia B taldekoak bosgarren sailkatu ziren.

Arratsaldean, neskak Euskadiko Joko eskolarretan parte hartzeko txartela lortzen ahalegindu ziren. Alebinetan urrea Laskorainentzat izan zen, eta brontzea San Andresentzat. Bakarka, Ahetze Olano bi ariketetan eta sailkapen orokorrean, izan zen garaile. Aroa Zugastik bi zilarrezko domina, esku hutsik eta sailkapen orokorrean eta brontzezkoa sokarekin. Infantiletan tolosarrak izan ziren txapeldun. Tolosan ibiltzen diren ordiziarrek ez zuten zorte berdina izan, baina, laugarren postuan sailkatu ziren.

Horrela, datorren ekainaren 1ean, Laskorain, San Andres eta Tolosako infantil taldeek Santurtzin amaituko dute denboraldia.

Aipatzekoak dira, halaber, Udaberri topaketako taldeen emaitzak. Alebin mailan Jakintza garaile izan zen, eta Zubimusu bigarren. Kadeteetan ordiziar taldea izan zen txapeldun.

IBARRAKOAK ERE BIKAIN

Tolosako Usabal Kiroldegian jokatu zuten txapelketan, Belabietako infantilak aritu ziren, maila oso onean. Haizea Telleriak hirugarren postua lortu zuen uztaiarekin eta bere taldeko kideak horrela geratu ziren: Nagore Imazek zortzigarren egin zuen pilotarekin, denera seigarren postua lortuz; Uxue Begiristain 12. sailkatu zen uztaiarekin, eta Aitana Manterola 13. pilotarekin, guztira 12.postua lortuz. Alaitz Agirre uztaiarekin 13. sailkatu zen, eta pilotarekin hamaseigarren; guztira, 16. postuan bukatu zuen txapelketa.

Belabieta Kirol Klubeko entrenatzaileak gimnasta guztiak zoriondu nahi izan zituen, ikasturte guztian egindako lanangatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!