Erabakitzeko bide berriak eraikitzen

Ataria 2019ko mai. 17a, 11:57

Gure Eskuk erreferendumaren aldeko herri-ekimen bat diseinatzen dihardu; Tolosan, asteazkenean aurkeztu zuten.

Martxoaren 31n, Bilboko Euskaldunan eman zion hasiera, Gure Eskuk, fase berri bati. 6 urtetan egindakoari balioa eman, eta muga berriak ezartzeko baliatu zuten ekitaldia. Iazko giza-katean 175.000 lagunek hartu zuten parte. Goia, baina, herri galdeketetan jo dute, 218.000 herritarrengana heltzea lortuz. Tolosaldean, 13.000 biztanlek (%31) bozkatu zuten.

«Orain, ordea, urrats eraginkorragoak emateko garaia heldu da», azaldu zuen Amalur Alvarez dinamikako bozeramaile berriak, Tolosako kultur etxean egindako aurkezpenean. Dozenaka herritarrek hartu zuten parte, eta, Alvarezen azalpenak entzun ondoren, galderak egiteko aukera izan zuten.

Ezer ez denean ziurra, dena da posible dio lelo berriak. «Erronka global bat da. Demokrazia deseraikitzearen arriskuaz jakitun, askatasuna jokoan dugu eta, beraz, alternatiba bat eraiki behar dugu». Horri lotuta, mundu mailako burujabetza mugimendu indartsuak, eta Europar Batasunaren nahiz Espainiako Estatuaren krisia mintzagai izan zituen Alvarezek: «Euskal Herrian aurrera egiteko aukera zabalak ditugu. Asko dira estaturik gabeko nazioen aldeko aldarria egiten dutenak. Hemen ere, gehiengo bat dago erabaki propioak hartzearen alde, baita instituzio politikoetan ere».

Bost dira herri ekimenaren helburuak: ekintza kolektibo bat aurrera eramatea; erabakitzearen aldeko jarrera ikustaraztea; eragileekin elkarlan esparru berria eraikitzea; erakunde publikoei erreferenduma legeztatzeko eskatzea; eta estatus politikoa erabakitzeko tresna posible egitea. «Saretzetik mobilizatzera igaroko gara eta, azkenik, gauzatzera. Ez da bide-orri estatiko bat izango. Epe luzeko begirada du, lurralde nortasuna zaintzen duena, parte hartzea bermatuz eta lanerako gutxieneko klabe batzurekin». Antolaketari dagokionez, hiru mailatan eratuko dituzte lanerako elkarguneak: Euskal Herrian, lurraldeetan eta eskualde eta herrietan.

Gutxi-gorabehera urtebeteko iraupena izango duen prozesua jarri berri dute martxan. Une honetan, proposamena ezagutarazten eta herritarren ekarpenak jasotzen ari dira. Udan, oraindik heldu ez diren herritarrengana zuzentzeko asmoa dute, herrien egoera ezberdinak aztertuz. Urtea amaitu aurretik, berriz, elkarguneak aurkeztuko dituzte, eta barne lanketari ekingo diote. «Urtebete barru, hilabeteko mobilizazioaren ondoren, festa egun bat egingo dugu, markak gaindituko ditugula ospatzeko».

Oraindik proiektuari «forma ematen» ari badira ere, herriz herri asmoak partekatzen dihardute. Beñat Sarasola Tolosaldeko Gure Eskuko kideak azaldu zuenez, «eragiteko gaitasuna duten herritar eta kolektiboak tantaka izendatuz, guztiengana iritsi» nahi dute. Azkenik, bazkideei garrantzia eman nahi diete, figura kritikoa sustatu, eta ekarpenak egiteko, «behetik gorako demokrazia» garatu nahi dutelako. Interesa dutenek, www.gureesku.eus webgunean dute informazio osoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!