[BABESTUTAKO EDUKIA] Hezkuntza taupadei idatzitako kantua, datorren ekainaren 2ko festarako

Euskal Eskola Publikoa 2019ko mai. 18a, 20:00

Aurkeztu dituzte, jada, Euskal Eskola Publikoaren 28. festaren abesti eta bideoklipa, eta hilabete amaieran iragarriko dute, ekainaren 2ko festaren egitarau zehatza.

Apirilaren 30ean aurkeztu zen Euskal Eskola Publikoaren 28. festaren abestia eta bideoklipa. Makina bat taupada jarri diote izena, abestiari. Oneka Oliverik idatzi du letra, Yon Figueroak konposatu du musika, Arkaitz Miner musikariak koordinatu du musikaren arloa, eta hainbat musikari eta abeslarik parte hartu dute abestian.

Bideoklipa, berriz, Gotzon Santaolayak zuzendu du. Errenteria-Oreretan grabatu dute eta, herriko kaleez gain, Papresako teilatuan grabatu dituzte zati batzuk. Oiartzun ibaiari ez diote bizkarrik eman, eta bertatik etorri da Lekeition iaz egin zen festaren lekukoa. Aktore lanetan, berriz, Oarsoaldeko eskola publikoaren komunitateko kide ugari elkartu dira.

Euskal Eskola Publikoaren festa ekainaren 2an ospatuko da, eta egitaraua maiatzaren bukaeran aurkeztuko dute.


 

Euskal Eskola Publikoak

Errenterian bota du aingura,

denontzat zabalik dago

Euskal Herritik mundura.

Hezkuntza aukera paregabea

etorkizunez dago betea,

zu eta ni engranajea

jar dezagun martxan katea!

Makina bat taupadek

ematen diote bizia,

Euskal Eskola Publikoa

gure geroaren hazia.

Gure herriko kaleetako

argazki baten tankeran,

jatorri eta izaera ugaritako

lagunak gaude ikasgelan.

Euskalduna eta anitza

horrelakoa bait da bizitza,

hezkuntza gizartearen giltza

entzun dezatela gure hitza!

Makina bat taupadek

ematen diote bizia,

Euskal Eskola Publikoa

gure geroaren hazia.

Elkarlanean bagoaz aurrera

denek izan dezagun aukera bera.

Zu ere gurekin batzen al zera?

bultza dezagun denok batera!

Ekainaren bian dugu zita

prestatu eta zatoz , «ti-ta»!

«Errenterian bizi gara eta

egin zaiguzu bisita!»

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!