Bidaia bat Pello Errotaren garaira, kantuz

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko mai. 17a, 11:58

Pello Errotaren heriotzaren 100. urteurrena dela eta, ekitaldi ugari antolatu dituzte Asteasun. Tartean, Pedro Elizegi Maiz Pello Errota-k berak eta bere garaiko hainbatek botatako bertsoekin osatutako kantaldia izango da gaur, 22:00etan, Asteasuko Santa Krutz ermitan. Eñaut Agirre ariko da kantuan, eta alboan izango ditu Aitor Atxega gitarra jotzailea eta Imanol Kamio piano jotzailea.

Asteasuko Udalak, zehazki, iazko otsailean jarri zituen martxan ekitaldiak, baina aurtengo otsailaren 3an bete ziren ehun urte Pello Errota hil zela. Errotaria izan zen Elizegi, eta Pello Errota moduan ezagutzen dute gehienek. Pello Errota bakarrik ez: Mikaela Elizegi haren alaba ere omenduko dute. Alabari esker iritsi da gaurdaino Pello Errotaren berri, hark kontatu baitzizkion aitaren pasadizoak eta bertsoak Antonio Zabalari. Emakume berezi, indartsu, berritsu eta memoria onekotzat definitu izan dute.

Agirrek azaldu du lanik zailena izan dela Zabalak bildutako bertso horietatik aukeraketa egitea. Pello Errotaren bertsoez gain, Mikaela Elizegiren bertso batzuk ere abestuko ditu: “Ez dira asko. Bat edo beste baditu, eta horiek abestuko ditugu. Bertsolari gisa ez da gogoan izango, haren bertso gutxi gorde baitira, baina hari esker dakigu Pello Errotari buruz dakigun gehiena; hari zor diogu altxor hau guztia”, dio Agirrek. Azpimarratu du familian guztiak zirela bertsolari: “Eta denak esaten dudanean, denak da”.

Agirrek, Atxegak eta Kamiok bertso doinu asko eta asko dauzkate landuta, eta berregituratu egiten dituzte saio berrietarako. “Doinu guztiak ekarri eta gogoratu egin behar izaten ditugu. Partiturak egin behar izaten ditugu; lauzpabost hilabeteko lana dago atzean”, kontatu du Atxegak. “Ez da musikala. Beste espiritu bat du zuzenekoak. Freskotasun hori transmititzea dugu helburu”.

Udalak hala eskatuta, disko bat grabatu dute bertso sorta batzuk aukeratuta. “Txukun grabatu ditugu, irauteko bokazioa baitu diskoak”, azaldu du Atxegak. Gaur jarriko dute salgai. Atxegak azaldu du emanaldietan garai hartako sinpletasunean edo soiltasunean abesten saiatzen direla, baina diskoan hainbat instrumentu erabili dituzte grabaketak egiteko.

Bertsozale direnentzat

Pello Errota abila zen bertsotan, bizia. “Hitz gutxirekin asko esaten zuen”, ekarri du gogora Atxegak. Eta hala gehitu du Agirrek: “Oso bertsolari ona zen erasoan eta erantzunean”. Musika egitean, arintasunari ematen diote garrantzia. “Zuzenekoetan, Eñauten arnas hori errespetatzen saiatzen gara; haren erritmoa eta kantaera errespetatzen”, azpimarratu du Atxegak.

Duela 150 urteko errealitate bat eta inguru bat nolakoa zen ikusteko bidea emango du gaurko saioak: “Gozamena izango da asteasuarrentzat eta zizurkildarrentzat. Ezagun egingo zaizkie gauza asko, eta gogoratu egingo dituzte. Eta uste dut kanpokoentzat ere oso interesgarria izango dela. Esate baterako, autoa utzi, eta ordubetez astoan ibiliko gara”.

Bertsoak testuinguruan jartzen saiatuko dira bertsoalditik bertsoaldira, baina onartu dute ez dela erraza. Baina ez da biografia bat, eta ez da kronologikoki kontatzen den historia bat ere. “Pello Errota ez nuen hain ezaguna”, onartu du Agirrek. “Txirritaren lurraldekoak gara gu, eta haren bidez ezagutu genuen Pello Errota, berekin asko kantatzen zuelako; baina hura ez genuen hain ezaguna. Oso bide polita izan da hura eta haren ingurua ezagutzeko”.

Kantaera berezia du Agirrek. “Betidanik kantatu izan dira bertso jarriak; bertsoaren beste adar bat da, eta ez da hain urrun egon izan bat-bateko bertsoetatik. Guk ere ikusi dugu jendea bertso zaharrak abesten, eta hortik jan dugu. Haiek egiten zutena egiten dugu guk, eta jendeak estimatu egiten du”. Doinuetako asko gaur egun ez dira erabiltzen plazan. Bertsoaldi guztiak ez ditu buruz abestuko. “Baina hainbeste buelta eman eta gero, ikasiak ditut asko. Hala ere, irakurri egin beharko ditut beste batzuk”.

Agirrek azaldu duenez, herri batek horrelako lan bat eskatzen duenean, gero lan hori asko estimatzen dute normalean: “Lotura handiak dauzka jendeak, eta sentimenduz beteta etortzen da saiora. Lekuan bertan sekulako garrantzia edukitzen dute honelako saioek”. Oso bertsozaleak direnentzako saioa dela adierazi du Atxegak, eta bertsozale horiek asko disfrutatzen dutela: “Eñaut entzuteko gogo handia sumatzen dut inguruan”.

Kantatzeak plazera ematen dio Atxegari: “Nik ordu asko pasatu ditut plazan musika tresnak jotzen, eta bertso jarrien molde honek asko du kantatzetik; oso esker onekoa da. Intentsitate handiko jarduna da, eta gozamena da Eñautekin kantatzea. Ez du hutsik egiten, eta, aldi berean, tentsioa mantentzen da saio guztian”. Agirre garai bateko moldean abesten saiatzen dela azaldu du Atxegak, eta “azkartu eta moteldu” egiten ditu hitzaren arnasa eta erritmoa. “Guk jarraitu behar izaten diogu berari”. Ordu eta erdiko saioa izango dela azaldu du Agirrek, eta emanaldi bakarra egingo dutela. “Hutsetik ekin, eta hasi eta buka egingo dugu. Lan nekosoa da, baina oso polita”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!