Adunak 2-1 galdu zuen Bergararen aurkako itzulerako neurketa, baina orokorrean kanporaketa gainditu zuten, joanekoan 2-1 irabazita, eta guztira tanto gehiago egin ondoren. Bergaran jokatutako partidetan, kadeteetan 7-22 irabazi zuten adunarrek, eta jubeniletan 22-12 eta nagusitan 22-21 galdu. Hurrengo kanporaketa Hernaniren aurka dute adunarrek, eta etxean jokatuko dituzte joaneko neurketak, gaur, 19:30ean hasita.
Amasa-Villabonak ezin izan du Andoainen aurkako kanporaketa irabazi, orokorrean markagailua 4-2 geratu baita, andoaindarren alde. Andoainen jokatutako itzulerako partidetan Amasa-Villabonako kadeteek 22-16 eta jubenilek 22-10 galdu zuten, eta nagusiek 7-22 irabazi.
Eskuzkoan beste eskualdeko herri batzuk sartuko dira, asteburuan, lehian. Tolosak eta Bidania-Goiatzek elkarren aurka jokatuko dute kanporaketa, eta joaneko partidak bihar izango dira, Bidanian, 18:30ean. Altzok Oñati du aurkari, eta bihar jokatuko dute, 17:00etan, Altzon. Asteasuk Zestoa izan du aurrez aurre, eta bihar jokatuko dute, Zestoan, 18:00etan.
Gomazko paletan Tolosa Elgoibarren aurka ariko da, bihar, 18:00etan, Tolosako Beotibar frontoian. Anoetak Azpeitia izango du aurkari, eta igandean jokatuko dituzte partidak, Urrestillan, 17:00etan hasita.