Instagramen argazki lehiaketa antolatu dute, tabakoaren kontsumoa murrizteko

Ataria 2019ko maiatzaren 15a

150 euroko saria jasoko du erretzeari uzteko arrazoiren bat ondoen islatzen duen argazkiak. Parte hartzeko #ezerretzekozurearrazoiak traola erabili daiteke maiatzaren 21era arte. 667 11 36 32 telefonora WhatsApp bidez edo tolosaldea@aecc.es helbidera ere bidali daitezke argazkiak.

Tabakorik gabeko Munduko Eguna izango da maiatzaren 31. Tabakoaren eta kalamuaren kontsumoa murrizteko helburuarekin, eta Aukeratu, ez erre filtroa izenburupean, Instagram-eko argazki lehiaketa antolatzeko elkartu dira Tolosaldean osasun arloan aritzen diren zenbait erakunde. Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartea, Amasa-Villabona Udala, Tolosako Udala, OSI Tolosaldea, Asuncion Klinika eta Tolosaldea-Goierriko Osasun saila koordinatuta aritu dira Nerabezarorako Prebentzio Mahaiaren testuinguruan antolatutako kanpainan.

Duela lau urtetik hona garatzen dira ekimenak eskualdean prebentzio asmo horrekin eta Instagram-eko lehiaketaz gainera, tailer hezitzailea egingo dute zenbait ikastetxek Tabakoa-kalamua korapiloa izenburupean. Nerabeei zuzenduta egingo dira tailerrak maiatzean zehar, substantzia horiek kontsumitzearen inguruko hausnarketa sustatzeko.

Gainera Tabakorik gabeko Munduko Egunean ekitaldi bat egingo da jardueraz betetako hilabeteari amaiera emateko, eta bertan, Instagram-eko lehiaketako sariak banatuko dira eta aurkeztutako argazkien erakusketa osatuko da. Kaleko ekintza bat ere iragarri dute antolatzaileek, herritarrak tabakoa eta antzeko beste substantzia batzuk kontsumitzeak dituen arriskuez sentsibilizatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!