San Isidroez gozatu dute

Irati Urdalleta 2019ko maiatzaren 15a

Eskualdeko hainbat herritan ospatu dute baserritarren eguna. Horretarako, mezak, trikitilariak nahiz otorduak egon dira.

Baserritarra izan edo ez, San Isidro egunaz gozatu dute Tolosaldeko hainbat herritan. Horretarako,aukera egon da, besteak beste, Alkizan, Abaltzisketan, Amezketan, Asteasun, Belauntzan, Berastegin, Bidania-Goiatzen eta Zizurkilen. Ospakizunak hurrengo astebururako utziko dituzte, berriz, Altzon, Berrobin, Baliarrainen eta Orendainen.

Amezketan, esaterako, meza izan dute San Martin ermitan eta ondoren, hamaiketako egiteko elkartu dira hainbat erretiratu.

Amasan ere izan da festarako aukerarik. Horretarako, goizean meza eduki dute eta elkartean hamaiketakoa egin ondoren, trikitilariak eta bertsolariak izan dira Iturrigoxo plazan. Gainera, bazkaria ere eduki dute. Jaiak arratsaldean ere ez du etenik izan eta kalejira egin ostean, afaltzeko aukera ere egon da.

Asteasun ere ospatu dituzte San Isidroak. Goizean meza izan dute eta ondoren, Lamitegi aparkalekuan, Aitor Matxain eta Itxaso Arrutiren idiek 20na minutuko saioa egin dute. Eguerdian, berriz, Sarasola sagardotegian bazkaldu dute. Gainera, Jesus Mari Irazu eta Unai Agirreren bertsoak entzuteko aukera izan dute baita Estanga trikitilarien erromeriaz gozatzekoa ere.

Zizurkilen ere ospatu dituzte San Isidroak. Horretarako, pilota partidak eta aizkolariak izan dituzte. Horrez gain, Iriarten bazkaldu dute bertsolari eta trikitilariekin.
Berastegin ere gozatu dute baserritarren egunaz. Horretarako, udaletxetik elizara prozesioa egin dute, txistulariek lagunduta Ondoren, bazkaria eduki dute udaletxean eta jarraian, trikitilarien saioaz gozatzeko aukera ere egon da.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!