Aurrera egitea jokoan, gaur, Adunak eta Amasa-Villabonak

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 10a, 15:58

Martxan jarri da Herriarteko Txapelketa eskuzko modalitatean, eta joaneko partidetan Adunak Bergararen aurka jokatu zuen, 2-1eko aldeko emaitza lortuz. Kadeteetan 22-9 irabazi zuen, jubeniletan 4-22 galdu eta nagusietan 22-8 irabazi. Itzulerako partidak gaur dituzte, Bergaran, 19:45ean.

Amasa-Villabonak Andoainen aurka 1-2 galdu zuen, joaneko neurketan. Kadeteetan 16-22 galdu, jubeniletan 9-22 galdu eta nagusietan 22-11 irabazi zuten. Itzulerako partidak gaur dituzte, Andoainen, 20:15ean.

Bestalde, paleta gomazko modalitatean, asteburu honetan hasiko dira parte hartzen. Eskualdetik bi herri daude lehian. Anoetak Azpeitiaren aurka jokatuko du, gaur, Anoetan, 20:45ean. Tolosak Elgoibarren aurka du kanporaketa, eta joaneko neurketa kanpoan du, gaur, 20:00etan hasita.

Lau txapela zazpi finaletan

Eskualdeko pilotariek federazioen arteko Grabni txapelketako zazpi finaletan parte zuten asteburuan, eta horietatik lauretan jantzi zuten txapela. Ezker horman, eskuz banaka nagusietan, Ioritz Egiguren tolosarrak 17-22 irabazi zion Espinal nafarrari. Eskuz binaka, nagusietan, Eneko Labaka eta Xabier Telletxea albizturtarrek 22-20 galdu zuten, Yoldi-Beroiz nafarren aurka. Eskuz binaka, 22 urte azpikoetan, Iker Elizegi asteasuarrak, Zubizarretarekin batera, 8-22 galdu zuen, Salaberria-Arbizu nafarren aurka. Eskuz, trinketean, banaka eta nagusien mailan, Eneko Maiz billabonatarrak 39-40 galdu zuen, Aspuru bizkaitarraren aurka.

Paleta gomari dagokionez, ezker horman, nagusietan, Irazustabarrenak eta Maider Mendizabal anoetarrak 30-9 irabazi zieten, Isasmendi eta Ruiz de Azua arabarrei. 22 urte azpikoetan, Miren Larrarte bidaniarrak eta Arrillagak 19-30 irabazi zieten Perez-De Arriluzea-Murga arabarrei. Mutilen nagusietan, Hodei Arregi tolosarrak eta Garaldek 25-7 irabazi zieten, Leonardo-Caballero bizkaitarrei.

Lau eta erdikoa, lehen aldiz

Emakumezkoen eskuz banakako lau eta erdiko Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute, estreinakoz. Asteburuan hasiko da txapelketa, eta bertan lau pilotari ariko dira, lehen mailan, eta sei bigarren mailan; ekainaren 23an izango dira ikusgai, finalak.

Eskualdetik, lehen mailan Su-Berri elkarteko Miren Larrarte bidaniarra ariko da. Su-Berriko Miriam Arrillaga aginarrak ere parte hartuko du. Bigarren mailan, Intxurre elkarteko Maite Tolosa amezketarra. Lehenik, itzuli bateko ligaxka jokatuko dute guztiek, maiatzaren 12ko jardunaldian hasi, eta ekainaren 9kora bitarte. Partidak etxean eta kanpoan izango dituzte. Ligaxka amaituta, bigarren eta azken fasea jokatuko dute, kanporaketena. Lehendabiziko sailkatuak finalerako zuzeneko txartela eskuratuko du, eta 2. eta 3. sailkatutako pilotariek finalerdia jokatu beharko dute. Hain zuzen ere, ekainaren 16ko asteburuan izango da ikusgai finalerdia. Eta finala ekainaren 23ko jardunaldian izango da, oraindik erabakitzeko dagoen egoitzan.

Aitor Altuna, finalista

Josetxo Ezkurra torneoaren finala jokatuko du, bihar, Tolosa-Aurrera elkarteko Aitor Altunak. Lau eta erdian jokatuko du, jubenil mailan. Aurkaria Lapke elkarteko Senar izango da.

Eskolarteko Paleta Txapelketa

Gipuzkoako Eskolarteko Paleta Txapelketako finalak jokatuko dituzte, bihar, Hernanin, 16:00etan hasita. Eskualdeko parte hartzea neska alebinetan izango da: Aduna 1 (Zabala-Iruretagoiena-Navarro), Zumaia 1 (Etxabe-A. Aldazabal-H. Aldazabal) taldearen aurka lehiatuko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!