Baserritarren jai eguna, gertu

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 13a, 19:57

Egun batez bada ere, baserritarrek lanak alde batera utzi, eta festaz gozatzeko aukera izango dute asteazkenean.

Baserritarren eguna iristear da, eta eskualdeko hainbat herritan ospakizunak egingo dituzte, besteak beste, meza eta bazkari-afariak.

Kondairaren arabera, Isidro nekazaria, egunero, hutsik egin gabe, mezetara joaten zen, goizean goiz, lanean hasi aurretik. Egun batean, mezetatik bueltan, sorora joan eta lanean hastera zihoala, soroko lan guztiak eginda aurkitu omen zituen. Mirari hori dela eta ospatzen omen da, San Isidro eguna.

Hori horrela, maiatzaren 15a kolore gorriz markatuta izaten dute baserritarrek eta, gaur egun, ospatzen jarraitzen dute. Ospakizun gehienak mahaiaren bueltan egiten dituzte, eta horrelaxe egingo dute datorren asteazkenean, besteak beste, Alkizan, Abaltzisketan, Amezketan, Asteasun, Belauntzan, Berastegin, Bidania-Goiatzen eta Zizurkilen. Altzon, Berrobin, Baliarrainen eta Orendainen, berriz, hurrengo asteburuan ospatuko dute.

Abaltzisketan bazkaria egingo dute ostatuan, eta maiatzaren 13rako eman beharko da izena, udaletxera joanda edo deituta. Bestetik, Amezketako hamaiketakora apuntatzeko azken eguna datorren astelehenean izango da; 12:00ak baino lehen deitu beharko da udaletxera. Asteasun, berriz, sagardotegian bazkaldu nahi duenak maiatzaren 14a baino lehen deitu beharko du honako zenbakietara: goizez, 943 69 19 07 zenbakira eta, arratsaldez, 943 69 68 96ra.

Belauntzako bazkarira apuntatzeko, udaletxera deitu beharko da, datorren astelehena baino lehen, eta Berastegiko bazkarira apuntatzeko azken eguna igandea izango da; Gaztainondon eman daiteke izena, edota 943 68 32 64 telefonora deituta.

Bidania-Goiatzen, bi aukera jarri dituzte mahai gainean: bazkaltzera joan, edo, bestela, afaltzera. Baserritarrei 10 euroko balioa duten txartelak banatu dizkiete, eta otorduaren gainerakoa norberak ordaindu beharko du. Gaur izango da izena emateko azken eguna, eta Goiazko Ostatura deituta egin beharko da, 943 68 11 92 zenbakira.

Hurrengo astebururako epeak

Ospakizuna asteburura pasatu duten herrietan, Altzon, esaterako, maiatzaren 16a baino lehen eman beharko da izena, ostatuan egingo den afarirako; udaletxera edo ostatura dei daiteke. Berrobin, berriz, hurrengo ostiralean egingo dute afaria, Iriarte jatetxean, eta bertan eskura daitezke, dagoeneko, txartelak. Baliarrainen, San Isidro eguna bera izango da maiatzaren 19an egingo duten bazkarira apuntatzeko azken eguna; udaletxera deitu beharko da, 943 88 90 03 zenbakira. Azkenik, Orendainen, maiatzaren 18an egingo den baserritarren bazkarira joan nahi duenak, hurrengo ostegunerako eman beharko du izena, udalean edo ostatuan.

EGITARAUAK, MAIATZAK 15

ALKIZA

20:30. San Isidro eguneko afaria, Ostatu jatetxean.

ABALTZISKETA

13:00. Meza.

Ondoren. Bazkaria, herriko ostatuan.

AMEZKETA

11:00. Meza San Martingo ermitan.

Ondoren. Hamaiketakoa San Martinen. Autobusa jarriko da herriko plazatik, 10:30ean igotzeko eta 13:30ean jaisteko.

ASTEASU

11:30. Meza.

13:00. Erakustaldia Lamiategiko aparkalekuan. Aitor Matxainen idi parea, Itxaso Arrutiren idien aurka. Bakoitzak 20 minutuko lana.

14:00. Bazkaria Sarasola sagardotegian. Menua: Txorixoa sagardotan, bakailu tortila, bakailu frijitua, txuleta, postea, kafea eta kopa. Prezioa, 30 euro.

Jarraian. Bertsolariak: Jesus Mari Irazu eta Unai Agirre; ondoren, Estanga trikitilariekin erromeria.

BELAUNTZA

12:00. Meza San Juan elizan.

14:00. Bazkaria Ostatuan.

BERASTEGI

12:45. Prozesioa udaletxetik San Martin elizara, txistulariez lagunduta.

13:00. Meza.

14:00. Bazkaria udaletxean, erabilera anitzeko gelan.

Ondoren. Trikitilariak.

BIDANIA-GOIATZ

13:00. Meza, Goiatzen.

14:00. Bazkaria ,Goiazko Herri Ostatuan.

21:00. Afaria, Goiazko Herri Ostatuan.

ZIZURKIL

12:00. Pilota partidak.

13:15. Aizkolariak.

14:00. Bazkaria Iriarte jatetxean, bertsolari eta trikitilariekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!