Musikaren bidez bidaiatuz

Irati Urdalleta 2019ko mai. 10a, 11:59

Iaz sortutako Tolosaldeko musika taldea da Postal kolekzionistak. 'Azken gaua hirian' lehen diskoa aukezteko, kontzertua eskainiko dute, gaur, 20:30ean, Leidorren. Egin dituzten bidaietan idatzitako abestiak dira diskoko protagonistak.

Duela urtebete sortutako Tolosaldeko taldea da Postal kolekzionistak, eta Iñigo Asensio, Ander Zubillaga, Michel Longaron, Juanjo Falcon eta Irene Lopez dira musikariak. Azken gaua hirian izena du lehen diskoak eta, Asensiok eta Zubillagak azaldu dutenez, grabatzeko prozesua luza joan bada ere, ilusionatuta daude.

Izena duenak izana duela dio esaerak, beraz, izen bat asmatzea izan zen, taldea osatutakoan egin zuten lehen lana; baina ez zekiten zein jarri. Lagun batekin hitz egin zuten, eta horrek eman zien erantzuna: Postal kolekzionistak. Egokia iruditu zitzaien, izen horrek ematen ziolako «atzerritik edo munduan zehar idatzitako kantuen kolorea eta itxura».

Estiloa ere ez daukate erabat zehaztuta, baina pop-rock estilo zabal eta anitzean eroso ikusten direla dio Asensiok: «Kantautore girotik, hau da, gitarrarekin egindako kantuetatik abiatzen da, baina, Anderrek, Michelek eta Juanjok ukitu rockeroagoa ematen diote». Beraz, talde bat izan arren, kantautore eta rock formatua ere badauka, kasu askotan.

Azken gaua hirian hamaika kantuz osatuta dago. Gehienak bidaietan, atzerrian, aireportuetan, hegazkinetan, tren geltokietan... idatzitakoak dira, eta bidaien inguruko gaiak jorratzen dituzte. Diskoari izena ematen dion Azken gaua hirian abestiak, esaterako, bidaia batean, hiri bat agurtzerakoan izaten den azken gauari egiten dio erreferentzia. «Bidaiatzerakoan hori da zamarik handienetako bat: atzean uzten den asko ez dela berriro ikusten», diote bi taldekideek. Orokorrean, bidaiaren bakardadeak eta estimuluek bultzatutako hainbat hausnarketa egiten dituzte.

Taldea 2018an sortu zen arren, 2013an abiatu zuten bidaia. Orduan, Asensio Euskara munduan dokumentala grabatzen ari zen Mexikon. «Sei urte inguru neramatzan konposatu gabe eta, han bidaiatzen nenbilela, grina piztu zitzaidan, eta gitalele merke bat erosi nuen», azaldu du. Orduan, musika jotzen eta abesten hasi, eta lagun batek grabatu egin zuen. «Hark grabatuta utzi zuen kantua eta, urte batzuk beranduago, badauka bere garrantzia».

Abiapuntua hori izan zen eta, behin abiatuta, martxa hartu zuten. 2016an, Asensiok eta Zubillagak Saharari buruzko abesti bat grabatu zuten. Horrekin lehiaketa batera aurkeztu ziren, eta irabazi egin zuten. Sari bezala, saharar errefuxiatuen kanpalekuetara joan ziren, kontzertu bat ematera. «Saharara egindako bidaia esperientzia oso ona izan zen, eta hori izan zen gure mugarri nagusia», diote. Handik itzulitakoan ere, Sahararekin lotuta jarraitu zuten. Izan ere, Tolosaldea Sahararekin elkarteak abesti bat egiteko eskatu zien, Oporrak Bakean programarako. Abesti horren aitzakian elkartu ziren taldekideak eta, ikusi zuten, abesti gehiago ere egin zitzaketela.

Taldekideak aipatzen hasita, Iñigo Asensio da letren egilea, eta hainbat musika taldetan ibilitakoa da. «Orain arte, normalean, atzean ibili izan naiz Iker Laurobarekin, Izarorekin, Maider Zabalegirekin...». Disko berriaren zuzenekoetan, ahotsaz gain, gitarrari helduko dio, eta harmonika ere joko du. Teklatua, berriz, Irene Lopezen eskuetan egongo da, eta Ander Zubillaga arituko da gitarrarekin: «Hau da nire pasioa», dio. Horren erakusgarri da zenbat musikarekin jo izan duen: Iker Laurobarekin, Zesuma taldearekin... Taldekideen artean desberdintasun bat badagoela azpimarratu du Asensiok. Izan ere, berak eta Lopezek musika oso gustuko badute ere, beste ogibide batzuk dituzte. Aldiz, Falconek, Longaronek eta Zubillagak musika beraien bizimodu egin dute. «Falcon eta Longaron dira taldearen bizkarrezurra. Talde on baten oinarria bateria eta baxua dira. Horiek ondo badoaz, taldeak soinu ona izango du», diote bi taldekideek.

Taldekideen ezaugarriak direla eta, fenomeno polit bat ikusten dela diote: «Gure taldean, batera ikus daitezke, bere gainean ehunka edo milaka kontzertu dituen Michel, eta talde batean lehen proiektua duen Irene». Horrela, oso giro eta energia polita daukatela azaldu dute: «Biek daukate ilusioa, baina bi ilusio desberdin dira. Adinez ere, Michel Ireneren aita izan daiteke», diote txantxa moduan.

Taldekideez gain, hainbat kolaboratzaile izan dituzte, bai disko berrian, baita aurretik egin dituzten abestietan ere. Ahotsetan, esaterako, Elene Arandiaren laguntza izan dute. Bazegoen Saharako lehiaketa irabazi zuten abestian ere, eta haren bertsio berri bat egin dute diskorako. Uda garaiak abestian, berriz, Aitor Zorzano saxofoian, Nicolas Andino tronpetan eta Beñat Larrauri tronboian izan dituzte. «Atkey izan dugu The pier kantuan abesten, eta Lide Hernando Beldurraren hiria izenekoan», azaldu dute. Disko honen aurretik ere izan dituzte hainbat laguntzaile. Esaterako, Alberto Garcesek baxua grabatu zuen Saharako abestian, eta Julen Apezetxea ere bertan izan zen. Oporrak Bakean programarako egindako Bueltan kantuan Iker Laurobak grabatu zuen gitarra, eta abestu, berriz, Olatz Salvador edo Jon Martin bezalako artistek egin zuten beste hainbat abeslarirekin batera. Disko berrian amonari egindako abesti intimista bat ere badago, eta hor Xabi Zeberiok konponketak egin eta biola nahiz biolina grabatu ditu. Gainera, Markel semeak txeloa ere jo du. «Pisuzko kolaboratzaileak izan ditugu, eta luxu bat izan da. Gainera, guztiak lagunak ere badira, eta horrek zentzu handia ematen dio», azaldu dute biek.

Asensiok nahiz Zubillagak argi dute musikarekin bidaiatzeko aukera ematen duela Postal Kolekzionistak taldeak. Helmuga asko daude, eta erreferentzia zehatz asko. Horietako batzuk imajinarioak dira, eta beste batzuk ez. «Azken gaua hirian bidaia disko bat da. Jendeak entzun dezala, eta bakoitzak erabaki dezala zer ematen dion».

Jendaurrera Leidorren

«Leidorreko aurkezpena berezia izango da, zalantzarik gabe», diote musikariek. Izan ere, taldeko kideez gain, diskoan eduki dituzten kolaboratzaile asko ere bertan izango dira. «Mimo handiz ari gara kontzertu hau prestatzen, eta nahi duen oro etortzera animatzen dugu, uste dugulako, horrelakorik ez dela berriz errepikatuko», azaldu dute. Kasu honetan, aldea egongo da zuzenekoaren eta diskoaren artean. Izan ere, azken asteko entseguetan ikusi dute indar eta energia handia daukatela. «Diskoak zuzenean hobetzen direla esaten da batzuetan, eta gustatuko litzaiguke sentsazio hori uztea, energia aldetik diskoa gainditzen saiatuko baikara». Kontzertua berezia izango da, osatuagoa eta, gainera, etxean izanda, sorpresak izango dira. «Batetik, etxean egoteak lasaitasuna ematen du, baina, bestetik, ardura gehigarria ere bada. Helburua da ahalik eta lasaien egotea, gauzak bere horretan atera daitezen», diote.

Etorkizunera begira, uda baino lehen, beste pare bat kontzertu eman nahi dituzte. Hala ere, oraingoz, gaurko kontzertuan daukate burua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!