Maiatza Borrokan, Saharari bultzada emateko

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko mai. 10a, 09:00

Amasa-Villabonan argazki erakusketa eta hitzaldiarekin emango diote hasiera, gaur; igandean, Bueltaka ekimena izango da, Tolosako Berazubin.

Tolosaldea Sahararekin elkarteak, beste urte batez, bere aletxoa jarri du saharar herrialdeari babesa adierazteko. Maiatza Borrokan egitasmoaren barruan, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Amasa-Villabonan, Anoetan eta Tolosan.

Ekitaldi kuttunetakoa dute, aurten hirugarren urtez antolatuko duten Bueltaka: "Kirolaren bidez elkartasuna adierazteko aukera izango da, eta bertan biltzen den diruarekin saharar ume errefuxiatuen bidaientzako dirua lortzea eta Tolosan antolatzen den aterpetxearentzat diru laguntza izatea du helburu", azaldu du Agustin Agotek. Parte hartzeko hainbat modu daude, eta maila guztietako pertsonentzat egokitzen da: "Alde batetik, talde bat osatu eta erreleboka maratoi bat egiteko aukera dago, 105 euroren truke", azaldu du Agotek, eta gehitu, 13 talde dituztela ziurtatuta, "baina oraindik ez dugu zerrenda itxi". Norbanakoek ere, euro baten truke, buelta bat emateko aukera izango dute.

Egitaraua

GAUR, MAIATZAK 10

-19:00. Andoni Lubakiren Sahara, 40 urteko exilioa, argazki erakusketaren irekiera izango da, Amasa-Villabonako Gurea erakusketa gelan. Egilea bertan egongo da. Maiatzaren 18a bitartean egongo da ikusgai, astelehenetik ostiralera, 17:30etik 20:00etara. Eta larunbatean, 10:00etatik 13:00etara.

-Ondoren. Abdula Arabi, elkargo autonomoko Fronte Polisarioko ordezkariaren hitzaldia izango da:  Mendebaldeko Sahararen egungo egoera politikoa.

MAIATZAK 12, IGANDEA

-9:30-13:30. Bueltaka ekimena, Tolosako Berazubi futbol zelaian. Buelta bat, euro bat.

MAIATZAK 14, ASTEARTEA

Arratsalde osoan, Anoetako plazako arkupetan, Saharako ahotsak panel bidez erakusketa egongo da.

-19:00. Tres camaras robadas dokumentala ikusteko aukera izango da,  Anoetako udaletxeko areto nagusian.
-Ondoren.
Solasaldia Hassanna Aalia saharar aktibistarekin.

MAIATZAK 16, OSTEGUNA

-19:00. Arrakala bat harresian dokumentala eskainiko dute, Tolosako Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan. Miren Ogando eta Ibon Iturrioz egileak bertan izango dira. Jarraian, solasaldia.

MAIATZAK 20, ASTELEHENA

-19:00. Maroko Mendebaldeko Saharatik, at lelopean elkarretaratzea, Tolosako Plaza Zaharreko udaletxearen aurrean.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!