Orixeko ikasleek hainbat eraikinetan banatuta igaroko dute hurrengo ikasturtea

Irati Urdalleta 2019ko mai. 9a, 17:00

Orixe ikastetxea bota eta berria eraiki behar dutenez, beste eraikin batzuetan igaroko dute ikasturtea ikasleek. 2022-2023 ikasturterako eraikin berria prest egotea espero dute.

Eraikin berri bat. Hori eskatzen zuten Orixe ikastetxekoek eta, azkenean, lortu dute beraien helburua: Orixe bota eta beste bat eraikiko dute. Baina horrek arazoak ere ekarriko ditu datorren ikasturtetik aurrera. Izan ere, ikasleak hainbat eraikinetan banatu beharko dituzte, eta horiekin batera, baita irakasle eta gainontzeko langileak ere.

Egungo eraikina nahiko zaharkituta dago eta Joxerra Zalakain Orixeko zuzendariak azaldu duenez, hainbat arazo ditu. Besteak beste, hezetasuna dauka eta ez da jasangarria. “Beste leku baterako aurreikusita zegoen eta energia asko galtzen da”, azaldu du Zalakainek. Gainera, neguan ere arazo asko ematen ditu, hotz handia egiten duelako eta beroa ez delako behar bezala iristen leku guztietara. Horrez gain, beste arazo bat ere badaukate: irisgarritasuna. Izan ere, Zalakainek aipatu bezala, ikastetxea solairu askotan banatuta dago eta horrela, irisgarritasuna bermatzea zaila da.

Horri konponbidea ematekotan dira eraikin berria eraikita. Zalakainek dioenez, harremanetan daude Hezkuntza Sailarekin eta gauzak aurreratzen ari dira. Obra horiek medio, hurrengo ikasturtean beste eraikin batzuetan kokatu beharko dituzte ikasleak. “Jada erabakia hartuta daukagu”, baieztatu du Zalakainek. Batxilergoari dagokionez, bi modalitate dauzkate: Zientzia eta Teknologiak eta Giza eta Gizarte zientziak. Lehenengoak Tolosaldea Lanbide Heziketako ikastetxean egongo dira kokatuta eta bigarrenak paper eskolako eraikinera joango dira. Gainera, paper eskolara joango den Giza eta Gizarteko batxilergoan gela bat gehiago izango dute. “Horrek ratio hobeak edukitzea ekarriko du ikasleei ematen zaien arreta hobetuz” DBHko ikasleei dagokienez, aldiz, DBH1 eta DBH3 Gorosabelen geratuko dira, DBH2ko ikasleak Samaniego ikastetxera joango dira eta DBH4koak Orixen geratuko dira. Gainera, behar bereziak dituzten ikasleen ZIG gelak, laborategiak eta gimnasioa ere bertan geratuko dira. Behin ikasleak kokatuta, hori egin beharko dute irakasleekin ere. Horretarako, bilerak egiten ari dira Hezkuntza Sailarekin. “Batxilergoko bi modalitateak herriko bi muturretan egongo direnez, irakasleek ezingo dute gora eta behera ibili”, azaldu du Zalakainek. Horri konponbidea emateko, irakasle finkoak egongo dira eraikin batean nahiz bestean. Horrez gain, eraikin bakoitzean zuzendaritzako ordezkari edo arduradun bat ere egongo da.

Birkokatze horrek hainbat zailtasun ekarri ditzakeela aurreikusten da. “Sakabanatuta egoteak zailtasun gehiago sortuko dizkigu”, baieztatu du Zalakainek. Hala ere, guztia aurreikusten ari dira: “Batxilergoa leku desberdinetan egongo da, baina aurreikusita daude koordinatzeko guneak eta baita ardurak banatzea ere, zuzendaritza taldeko jendea egoteko leku batean zein bestean”. Zalakainen hitzetan, horrela lortuko da irakasleentzako finkotasuna eta ikastetxeak eskaintzen dituen aukera zabalak bermatuta egotea.

Zalakainek dioenez, ezin da zehazki esan horrek zenbat ikasle, irakasle eta langileri eragingo dion. Aurten, 84-85 irakasle eta 662 ikasle eduki dituzte, horietatik 250 inguru batxilergoan. Datorren ikasturteari begira, Santa Luzia zonaldean geratuko dira 500 inguru eta paper eskolara joango dira 100 baino gehiago. Irakasleei dagokienez, oraindik ezin da zehaztu zenbat egongo diren Santa Luzia gunean eta zenbat paper eskolan. Baieztatu du Santa Luzia gunean egongo direla irakasle gehienak eta beste batzuk paper eskolara joan beharko dutela. “Gutxi gora behera, hiru irakasletik batek egon beharko du paper eskolan”.

Datorren ikasturterako ikasleak nahiz irakasleak birkokatzeko hainbat obra egin beharko dituzte aurretik eta hasita daude aurreratzen: “Jada obrak aurreikusita eta aurrekontuak eginda daude obra guztientzat, bai Samaniegokoarentzat, bai Gorosabelen egin behar diren egokitzapenentzat”. Zuzendariak azaldu du Gorosabeleko obrak nahiko aurreratuta daudela eta paper eskolako egokitzapenekin ere laster hasiko direla. Horrez gain, obra txiki bat ere egingo dute Orixen bertan. “Dena aurreikusita eta martxan dago jada”.

Helburu nagusia Orixen eraikin berria egitea izango da eta horretarako ere hasi dituzte lanak. Hilabete amaierarako aukeratuta egongo da zein arkitekto enpresak egingo duen proiektua. Orduan Orixe ikastetxekoekin bilduko dira eta proiektua egiteko abendura arteko epea edukiko dute. “2020-2021 ikasturtean Orixe bota egingo da eta ikasturte horretan hasiko dira berriro eraikitzen”. Aurreikuspenak bete eta guztia ondo joango balitz, 2022-2023 ikasturterako prest egongo litzateke eraikin berria.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!