«Duguna esateko lehen saiakera bat da; gizakiari egindako kritika bat»

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko mai. 9a, 10:43

Ofizialki bi urte eta erdi daramatzatenean, 31 kontzertu eskaini dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan. Ilusioz daude, larunbatean 'Errua norena da?' izeneko diskoa Bonberenea gaztetxean aurkezteko.

1996an jaiotako lau gaztek musikan aurkitu zuten, euren ideiak eta zaletasunak batzeko jomuga. Duela gutxi sortu zuten Eztanda taldea, Ion Garate bateria jotzaile belauntzarrak, Unai Sukia baxu jotzaile tolosarrak, Aitor Azkolain gitarra jotzaile ibartarrak eta Mikel Romero gitarra jotzaile eta abeslari tolosarrak.

Azken urteetan zuen izena gehiago entzun bada ere, noiz sortu zenuten taldea?

Ion Garate: 2015eko kuadrilla egunean hasi ginen. Unai, Aitor eta hirurok bildu, eta talde bat sortzeko ideia proposatu genuen, entretenitzeko asmoz.

Aitor Azkolain: Lehen kontzertuak 2016ko udan eskaini genituen, baina urte zaila izan zen, ni eta Ion Erasmus programarekin kanpora joan ginelako, epe desberdinetan, gainera.

Mikel Romero: Entseguak hainbat lokaletan tartekatu izan ditugu. Aurten, Ibarrako Udalak pabiloi batean entseatzeko aukera eskaini zigun. Baliabide eta erosotasun aldetik, askoz ere hobeto gaude orain gauden lekuan.

Zerbaitek edo norbaitek eztanda egitea nahi zenuten?

I. G.: Taldearen izena, egia esanda, brainstorming batetik sortu zen. Bakoitzak bere izen gustukoenak hautatu zituen, eta bat egiten zutenen artean bat aukeratu behar izan genuen.

Zein musika estilorekin identifikatzen zarete?

I. G.: Egun, dauden genero eta azpi-generoekin, oso zaila da bat aukeratzea. Askotan, kantu berean genero bat baino gehiago izaten dira. Gure abestiek metal-rock ukituak dituzte, baina, bakar batean, erritmo eta melodia desberdinak aurki daitezke.

M.R.: Denborarekin, gu ere aldatzen goaz. Maketak eta diskoak, adibidez, ez dute zerikusirik.

I. G.: Eraginek asko markatu gaituzte. Gaztetatik, punk-a izan dugu erreferente, baina hori ere aldatzen joan da.

Unai Sukia: Azkenaldian, metal taldeak entzuten ditugu, nahiz eta gero gustuko duguna jotzen dugun; eta hori gogorra edo lasaia izan daiteke

Eskualdean ez ezik, Euskal Herrian zehar ere eskaini dituzue kontzertuak.

I. G.: Bizkaian izan ezik, herrialde guztietan jo dugu. Gehienetan, herriko festetan eta elkartasun kontzertuetan izan da.

U. S.: Azkainen bizi genuena izugarria izan zen. Bazkaloste batean jotzeko gonbidatu gintuzten eta, noski, hori ez dator bat gure ohiko estiloarekin. Publikoak, gainera, ordu berean, bertan jokatzen ari zen futbol txapelketa bati erreparatzen zion.

M. R.: Orain arte bertsioak jotzen aritu izan gara, eta horrek bere pisua du, erakargarriagoa baita. Orain erronka handia dugu: gure kantuak kontzertuetan jotzea.

U. S.: Askok zure abestiengatik entzun nahi izaten zaituzte. Lan handia eskatzen du, eta denbora eskaini behar zaio. Gutxitan izan bada ere, kontzertuetan gure kantuak abestu izan dituzte.

Aipatu duzuenez, bertsioetatik abesti propioetara igaro zarete. Hori berezia da, ezta?

M. R.: Oso berezia da. Euskal Herria oso bertsionista izan da beti. Jendeak kantuaren letra dakienean, eta gustuko duenean, nabaritzen da, eta errazagoa da konektatzea eta motibatzea. Orain transmititzea lortu nahi dugu, baina gure abestiekin.

Abenduan, Eztanda izeneko maketa bat aurkeztu zenuten. Froga moduko bat izan zen?

I. G.: Eskerrak egin genuen! Bestela, diskoa grabatzerakoan ez genuen ezer egiten jakingo.

M. R.: Konfiantza aldetik ere, teknikari bat gainean izateak, eta uneoro tentsioan egoteak, errespetu handia ematen du.

U. S.: Intentzioa diskoa ateratzea zen. Hala ere, ondo etorri zitzaigun aurre lanketa bat egitea.

Nolakoa izan da diskoa grabatzearen prozesua?

I. G.: Propioak diren 20 bat abesti ditugu. Baina, euren artean antzekotasun bat zuten 6 hautatu behar izan genituen diskorako.

A. A.: Abestiak aukeratu ondoren, moldatu ere egin genituen.

M. R.: Gure ibilbidea ere desberdina izan da, diskoa aurkeztu aurretik, bertako kantuak kontzertuetan jo izan ditugulako.

Nori dagokio sormen lana?

M. R.: Gehienbat Ion aritzen da horretan, eta guretzako hori oso erosoa da. Letren kasuan, bakoitzak bere ideiak aipatzen ditu, eta denon artean osatzen ditugu.

U. S.: Diskoko kantu gehienak dira Ionenak. Dena den, besteok ere kantuak sortu izan ditugu.

Zuek galdetzen duzuen moduan, norena da errua?

U. S.: Galdera erretoriko bat da.

I. G.: Gizakiari egiten diogun kritika bat da, gizarte barruan nahiz kanpoan, diskriminazioarekin eta naturaren suntsipenarekin gertatzen denaren ingurukoa.

M. R.: Legeez edota esplotazio kapitalistaz ere aritzen gara. Azken finean, duguna esateko lehen saiakera bat da diskoa.

U. S.: Hala ere, ez goaz geure burua justifikatzera.

Mina edo minbizia bezalako hitzak aipatzen dituzue, kutsu negatiboa dutenak. Zer aldarrikatzen duzue?

U. S.: Eduki, diseinu eta itxura malenkoniatsua duen diskoa da, askotan ikusten ez dena.

M. R.: Ez da ikuspegi negatibo bat, baizik eta errealista. Musikak ezin du izaera ludiko soil bat izan, eta eduki politikoa transmititu behar du.

Aurrerago lan berrietan murgiltzeko ideia duzue, ala atseden hartu nahiko duzue?

A. A.: Zerbait gehiago nahi dugula antzematen dugu, abesti berriak sortu nahi ditugula. Gorputzak esan beharko du zer den komenigarriena guretzat. Une honetan, diskoa aurkeztea besterik ez dugu buruan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!